Espainiaren alde armak hartzearen aurka azaldu da galdakoztarren %63,8
Lurraldetasuna
BINKE / 2022ko martxoa
Espainiaren alde armak hartzearen aurka azaldu da galdakoztarren %63,8
TESTUA: Jon Gomez Garai
GRAFIKOAK: Naia Bergaretxe Sarria
Gatazka beliko bat gertatuko balitz Espainia eta beste herrialde baten artean, espainiar lurraldearen inbasioarekin, Espainiaren alde borrokatzeko prest egongo zinateke? Espainiar estatuko probintzien emaitzak kaleratu zituen gaur astebete Electomaniak, aurreko galderari erantzunez. Baina zeintzuk dira Galdakaoko emaitzak? Eta zeintzuk Bizkaiko herri guztietakoak? Binkek Galdakaoko eta Bizkaiko herri guztietako datuak batu ditu hemen, grafikoz lagunduta.
Ukrainaren inbasioak oinarri asko jarri ditu zalantzan. Errusiak ukrainarren aurkako gerra hasi zuenetik asko izan dira Ukrainako armadara batu diren herritarrak, bere herrialdea defendatzeko asmoz. Askok eta askok, umeek tarteko, armak erabiltzen ikasi dute orain, Vladimir Putinen soldaduen aurka egiteko. Baina, zer gertatuko litzateke beste estaturen batek Espainia erasotuko balu? Prest egongo ginateke, baita euskaldunak ere, Espainiaren alde borrokatzeko? Emaitza argia da: ez.
Datu estatistikoak argitaratzen eta ikerketak egiten aritzen den Espainiako Electomania atariak martxoaren 23an atera zituen ondorioen arabera, Katalunia, Galiza eta Hego Euskal Herria dira espainiar estatu osoan Espainiaren alde borrokatzera batuko ez lirateken herrialdeak. Gainontzeko probintzia guztietako herritarrek, neurri desberdinetan baina, armak hartuko lituzkete Espainiako armadan sartuta.
Aipatutako atariak argitaratutako mapan begi bistakoa da diferentzia: lurralde osoa berdez ageri da —armadara batzearen alde— Katalunia, Galiza eta Hego Euskal Herria izan ezik, hiru hauek gorriz ageri baitira —bereziki Katalunia eta Hego Euskal Herria—.
Baina, herriz herri joanda, zein da bizkaitarron posizioa? Eta zein —Usansolo bereizi barik— Galdakaoko udalerriaren iritzia? Datuok gurera ekarri ditu Binkek, eta ondorengo emaitzak lortu zein grafikoak sortu, Electomaniaren galdera honi erantzun osteko emaitzekin: «Gatazka beliko bat gertatuko balitz Espainia eta beste herrialde baten artean, espainiar lurraldearen inbasioarekin, Espainiaren alde borrokatzeko prest egongo zinateke?».
Galdakoztarren %63,8 Espainiako armadara sartzearen aurka agertu zen, %12,9 Espainiaren alde borrokatzeko prest eta %23,3k ez zuen jakin zer erantzun galdera horren aurrean.
Hala ere, ezezkoen eta baiezkoen kopuru galdakoztar horiek zelakoak dira Bizkaiko gainontzeko herriekin alderatuta? Zein da galdakoztarren Espainiarekiko sentimendua, ondoko herrietako bizilagunen ondoan?
Datu horiek ere batu gura izan ditu Binkek banan-banan ondoko plano hauetan: plano gorriak ezezkoen kopuruaren arabera marraztu ditu Bizkaiko udalerriak, eta plano berdeak baiezko kopuruaren arabera marraztu ditu lurraldeko 112 udalerriak.
Eta amaitzeko, herriz herriko ehunekoak batzen dituen taula hau ere sortu du Binkek. Taulan nabarmendutako kopuruetan ageri den bezala, Gizaburuaga da Espainiako armadara batzearen kontra ehuneko altuena duen Bizkaiko udalerria eta Getxo gutxien duena. Bestalde, Ermua da Espainiaren aldeko hautua egiten duen Bizkaiko lehenengo udalerria, eta Nabarniz azkena.
Zelan egin da inkesta hau?
Espainiar estatuan boto eskubidea duten pertsonen artean egin da galdeketa sarearen bidez eta parte-hartze irekiaren bidez, 2022ko martxoaren 11tik 18ra bitarte. Guztira 2.203 erantzun jaso dituzte.