Esteban Loroñok Galdakaori herentzian utzitako 600.000€ adinekoen egoitza bat berritzeko erabiliko dira
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Google Maps, San Andres egoitza
Esteban Loroño galdakoztarraren nahia bete egingo da laster: berak 2006an Galdakaoko Udalari herentzian utzitako 600.000 euroak Zuhatzu auzoko San Andres adinekoen egoitza eraberritzeko baliatuko da. Guztira ia lau milioi euroko lanak egiteko baliatuko du Udalak, eta dagoeneko lizitaziora atera ditu lanen diseinu eta exekuzioa.
Zuhatzu auzo galdakoztarreko San Andres egoitzari eraberritze lanak egingo zaizkio laster. Instalazioak handitu egingo dira, eta erabiltzaileen logela bikoitzak bakarkakoak izango dira aurrerantzean. Gainera, bainugela egokitua ere izango dute eta beste 20 plaza berri sortuko dituzte bertan. Udalak diseinuaren eta ekipamenduarentzako obraren kontratua lizitatu du honezkero, eta ia lau milioiko aurrekontua izango du. Zenbateko horren zati bat, 600.000 euro, Esteban Loroño galdakoztarrak 2006an Udalari utzitako dirutik dator. Loroñok berak jarritako baldintza izan zen hori: dirua Galdakaori eman bai, baina herrian hirugarren adinekoentzako azpiegitura bat eraikitzeko izan behar da.
Bizilagun honen ondarearekin zer egin adostu ahal izateko, ia bi hamarkada igaro behar izan dira. Loroñok Ibaizabaleko bihurgunean autoak konpontzeko tailer bat zuen, eta bere ondasunak diru-kutxa publikoei dohaintzan eman zizkien —«7.800 metro koadroko lursaila Olabarrietan, etxe bat, lonja bat eta auto zahar bat», El Correo egunkariaren arabera—, Galdakaon egoitza berri bat egin zedin. Dirua jaso eta bi urtera, tokiko erakundeak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi zuen jarauntsia. Eta Foru Administrazioak 12 milioi euroko kostua izango zuen eraikin bat eraikitzeko erabiltzeko konpromisoa hartu bazuen ere, azkenean proiektua airean geratu zen.
Urte batzuk geroago, Aldundiak eta Udalak Loroñoren ondarea inbertsio sozialetara bideratzea proposatu zuten 2018an. Baina ekimenak familiaren ezezko borobilarekin egin zuen topo. Ondorioz, iaz, San Andresen egoitza handituko zela iragarri zuen gobernu-taldeak. Eta orain bai, Loroñoren nahia beteko zenaren ziurtasuna zuen haren sendiak.
Horrela ba, behin San Andres egoitzaren eraberritze-lanak amaituta, egungo eraikinak banakako 22 logela izango ditu guztira, eta gela bikoitz bat beheko solairuan. Horrekin batera, hegal berri bat ere gehituko da, bi solairurekin eta solarium terraza batekin. Bertan, pertsona bakarreko beste 20 gela integratuko dira, hamar maila bakoitzean, egoiliar berrientzat. Gela guztiek bainugela integratua eta egokitua izango dute.
Egoitzarako planteatzen den beste esku-hartzeak eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzea izango du helburu, isolamendu termikoko sistema bat instalatuz eta leihoak aldatuz. Eraberritzeari ekiteko, frontoia eta egungo tenis pista eraitsi beharko dira. Azken hori eraikin berriaren eta ibaiaren artean kokatuko da.
Udalak lizitaziora atera ditu lanen diseinua eta exekuzioa, 3,98 milioiko aurrekontuagatik. Enpresek urriaren 31ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko.