Eta faxistak Galdakaon sartu ziran
Galdakao Gogora elkartea, galdakaogogora@gmail.com
BINKE / 2018ko uztaila
Eta faxistak Galdakaon sartu ziran
TESTUA: Nagore Ferreira Zamalloa
ARGAZKIA: Espainiako Liburutegi Nazionaleko artxiboa
VIZCAYA – Calle principal de Galdácano tomada por las fuerzas nacionales. 16-6-37
Besterik ez dino Espainiako Biblioteka Nazionalean gordetako argazki honen atzeko aldeko oharrak. Beste hamaikatxu erretratu dagoz, okupazinoaren osteko egunetakoak danak.
Argazkia atara baino egun bat lehenago jausi zan Galdakao, bagilaren 15ean. Udabarri gogor eta krudela izan zan 1937koa. Faxistak Bilbotik gero eta hurrago egozan, eta ha zan okupau bako azkenengo uriburu euskalduna.
Bagilaren 13an, Larrabetzu ingurutik sartu ziran Francoren tropak. Egun bi ibili ziran inguruak bonbardetan; 70 bat hegazkin bonbaketari erabili ebezan, 50 bat ehiza-hegazkin, eta milaka soldadu aleman, italiar, mairu eta espainiar. Holan, Nafarroako I. Brigadea Gaztelumendi ingurutik sartu zan, Burdin Hesia apurtuta.
Hurrengo egun bietan, EAJ-PNVren Martiartu eta Simon Bolivar batailoiek, Unión de Hermanos Proletarios sozialista asturiarren baitailoiak, CNTren Malatesta batailoi anarkisteak eta EPK-PCEren Gipuzkoa batailoi komunisteak gogor eutsi eutsien faxisten erasoari. Makina bat lagun hil ebezan tropa nazionalek. Errepublikaren aldeko gudari eta miliazianoek burrukan segidu eben, gero eta indar gitxiagogaz, hegazkin barik eta bitarteko urriekaz.
Ibaizabal errekan tope egiteko ahalegina egin eben, baina ahaleginak ahalegin, bagilaren 15ean, arrastiz, Francoren tropak Galdakaon sartu ziran. Hurrengo egunean egindakoa da erretratua. Ez da erreza gure herriko kale nagusia holangoa zanik sinistea, zenbat aldatu dan!
Trankil doaz buruzagi nazionalak Juan Bautista Uriarte kalean gora, berbetan. Baina orduan hasi zan galdakoztar askorentzat inpernua: atxiloketak, epaiketa barregarriak, errepresioa, kartzelea, bildurra… eta miseria gorria.
Argazkian, Inuntziaga txaleta be ikusten da. Behin-behineko kartzelea izan zan Inuntziaga, hara eroan ebezan herrian atxilotutakoak: batzuk, handik beste kartzela batzuetara eroan ebezan; eta, beste batzuk, zuzenean fusilatzera.
Galdakao okupau ostean, faxistek aurrera egin eben, Bilborantz. Handik lau egunera jausi zan Bilbo, bagilaren 19an.