Euskal Herriko Orkestra Barrokoa sortu berri da Enrike Solinis eta Miren Zeberioren eskutik, eta Masquarade estrenaldi-kontzertua eskainiko du Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Kursaalen. Horren aurretik, entseguak Galdakaon egin ditu orkestrak, eta egonaldia egin du herrian. Solinisekin hitz egin du BINKEk, proiektuaren inguruko gehiago ezagutzeko asmoz.
Kontsumo azkar eta etengabea nagusi den garai hauetan, guztiz kontrakoa bilatzen duen proiektu aitzindaria jarri dute abian Enrike Solinis galdakoztarrak eta bere emazte Miren Zeberiok: Euskal Herriko Orkestra Barrokoa. «Azkenaldian Europan gorakada handia izan da musika barrokoan espezializatutako jaialdi eta orkestren artean. Orkestra sinfoniko modernoak errepertorio modernoago bat interpretatzeko diseinatuak daude oro har, eta orkestra barroko batek musika hori konposatu zen garaian erabiltzen ziren instrumentuak eta interpretatzeko irizpideak erabiltzen ditu, bestelako ñabardura eta aberarastasun tinbrikoa eskainiz besteak beste», adierazi du Solinisek, orkestraren zuzendariak.
Hutsunea betetzeko xedea. Euskal Herrian badago musikari profesional ugari estilo barrokoan espezializatu dena, baina ez dago orkestra barroko egonkorrik hemen aritzeko, eta hori da hain zuzen proiektuaren helburuetako bat, musikari guzti horiek batzea: «Musikari izugarriak ditugu Euskal Herrian, kanpora joan behar izan direnak, hemen ez zegoelako orain sortu dugun bezalako proiekturik. Gainera, ez dugu ahaztu behar musika barrokoak eta korronte historizistan publiko zabala erakartzen duela Euskal Herriko aretoetara». «Euskal Herriko Orkestra Barrokoak hutsune hori betetzeko xedea du, urtean zenbait proiektu burutuko dituen orkestra eta proiektu egonkorra izatekoa, kalitatezkoa eta prestaketa lan sendoa burutuko duena, musikari gazteentzako ere formakuntza eta aukera profesionala suposatuko duena», azpimarratu du Solinisek, proiektua aurrera eramateko Kursaal Eszenaren, Eusko Jaurlaritzaren, Galdakaoko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntza izan
dutela nabarmenduz.

Gazteentzako aukerak. Orkestra sortzeko, Jordi Savall musikariaren ereduan oinarritu ziren Solinis eta Zeberio: «EHBOren oinarrietako bat Akademia proiektua da. Akademiak aukera ematen die Euskal Herriko eta inguruko musikari gazteei errepertorio barrokoa lantzeko goi-mailako musikariekin batera, eta baita ezagutza historizistan hasten ari diren musikariei formakuntza eta esperientzia jasotzeko».
Eta, hain zuzen, akademia horretan ikasten ari diren gazteei eman diete orkestran parte hartzeko aukera. «Azken urtean dauden ikasleei entseguetara etortzera animatzen diegu eta orain arte oso ondo joan da. Aukera aprobetxatu dute eta gurekin batera jotzen ari dira», azaldu du Solinisek.
Estreinaldia. Masquarade obra izango da Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren aurkezpen-proiektua eta Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Kursaal aretoan estreinatuko du, otsailaren 26an eta 28an, hurrenez hurren. Europako barroko garaiko musika osoan nagusitu zen forma musikal bat du ardatz nagusi obra horrek: maskarada. Dantza-talde batekin eta abeslari batekin batera proposatzen duen kontzertua eskainiko du orkestrak eta egitura nagusi gisa J. B. Lully konpositorearen Le carnaval mascarade, LWV 52 lana hartu du.
Lau atal ezberdinen bidez, Europako barrokoan maskaraden inguruan sortutako musiken barrena egiten den bidaia aurkeztuko du. Alde batetik, Ingalaterra, Henry Purcell edo John Adson bezalako egileen Masque originaletako musika-piezekin; bestetik, Italiako barrokoa, Veneziako inauterien garaian estreinatutako Vivaldiren ariekin; eta azkenik, Frantziako dantzak, aipatutako Lully, Marais edo Philidor konpositoreen eskutik. «Horiek guztiek, maskarada tradizionaletako zenbait osagairekin batera, estreinaldi hau benetako inaugurazio-jai barroko bihurtzen dute», azaldu dute taldetik.
Egonaldia Galdakaon. Estreinaldia baino lehen, egonaldia egin du orkestrak Galdakaon. «Oso esperientzia aberasgarria izan da taldearentzat, asko ikasi dugulako bata bestearengandik, eta esperimentatzeko aukera izan dugulako ere», azaldu dio Solinisek BINKEri, harentzat are bereziagoa izan dela nabarmenduz: «Hemen jaio ez arren, bizitza erdia eman dut herrian eta oso lotuta nago. Asko eskertzen dut hemen egonaldia egiteko aukera eman izana».

Publikoarekin disfrutatzeko saioa. Egonaldi horren baitan, publikoarekin disfrutatzeko aukera izan du orkestrak, entsegu irekien bitartez: «Asko disfrutatu genuen, guk eta publikoak. Bertaratu zirenek musikarien lana bertatik-bertara ezagutzeko eta entzuteko aukera izan zuten, estilo barrokoko pieza ez hain ezagunak ezagutzearekin batera.
Herritarrentzako deia. «Uste dut jendeak musika barrokoan murgiltzeko aukera bikaina izango duela gure emanaldien bitartez. Askorentzat estilo oso ezezaguna da eta haientzat instrumentu bitxiak batzen dituena. Animatu zaitezte Donostiako edo Bilboko saioetara!», animatu ditu herritarrak Solinisek. •




