Euskara indarberritzeko marko estrategikoa diseinatzen ari da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Hurrengo hamar urteetan «euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko» helburuz, Galdakaoko Udala marko estrategikoa diseinatzen ari da. Egiteko honetan herritarren iritziak batuko ditu ere eta horretarako eguenean, maiatzak 9, bilera irekia antolatuko du Torrezabalen.
Galdakaoko Udalak gizartearen beharrei erantzun nahi die eta gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du, «euskararen ekosistema osoan eragina izan dezaketen erronkak definituz eta bere eginez, euskararen hizkuntza komunitatea zabaltzeko eta ahalduntzeko bidean».
Horretarako, hurrengo hamar urteetan «euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko» helburuz, marko estrategikoa diseinatzen ari da Udala.
Orain arte, aurreko planaren diagnostikoa egiten ibili da Euskara Arloa eta, prozesu horretan, herritarrei euren euskararekiko eta euskal komunitateari buruzko pertzepzioak jasotzeko galdetegia egin du. Halaber, diagnostiko kualitatiboagoak egin ditu Udaleko zinegotziekin eta Euskara Zerbitzuko langileekin.
Orain, «batutako datuak aztertu eta aurrera begirako bidea marrazteko», bi hitzordurako deia egin die Udalak herriko elkarte eta norbanakoei:
- Maiatzak 9, eguena, 18:30ean, Torrezabaleko erakusketa gelan: Parte hartu nahi duten guztiei irekia dagoen lan batzarrean aurreko Planaren balorazioa egingo da, Planaren babesean otsaila-martxoan egindako galdetegiaren datu nagusiak aztertuko dira, eta aurrera begira jarriko da, 2034. urteko egoerari begira.
- Maiatzak 23, eguena, 18:30ean, Torrezabaleko erakusketa gelan: Planaren helburu nagusien aurkezpena egingo da. Hau da, 2034. urtean euskara non eta zelan egotea nahi dugun esango dugu, eta horretarako landu beharreko lan-ildoak eta ekimen nagusiak marraztuko dira. Aurkezpenaren ostean, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartuko du hitza hizkuntza-eskubideez hitz egiteko. Eta bukatzeko, erakunde biek hitzarmena izenpetuko dute, aurrera begira elkarrekin eman ditzaketen urratsak aztertze aldera.