Euskarak Galdakaon bizi duen egoera ezagutzeko galdetegia jarri dute martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Eva&Go
Bagabiz Euskara Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak Galdakaoko euskaldunen topagunea antolatuko dute maiatzaren 13an, Gandasegi eskolan. Aurretik, euskarak Galdakaon bizi duen egoera ezagutzeko galdetegia jarri dute martxan, herritarren iritzia ezagutzeko helburuz.
Galdakaon euskarak bizi duen egoerak eta kale erabilerak «kezka» sortu du Galdakaoko Bagabiz Euskara Elkartean. Soziolinguistika Klusterrak 2021eko udazkenean egin zuen hizkuntzen erabileraren kale neurketan, herritarren %14,5ek baino ez dute euskaraz egiten Galdakaon.
Egoera hau «irauli eta euskararen sustapenean jarduteko beharra azaleratu eta bidea irudikatzeko» helburuz, prozesu bat abiatzea erabaki du Bagabiz Euskara Elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin. Prozesu honen gidaritzan Euskaltzaleen Topagunearen laguntza izan dute.
Lehenengo urrats gisa, maiatzaren 13an Galdakaoko talde eta norbanako desberdinekin topaketa bat antolatuko dute, Gandasegi eskolan. Honen aurretik ordea, eta prestaketa gisa, azterketa bat egingo dute. Helburua euskarak Galdakaon bizi duen egoera ezagutzea da.
Horretarako galdetegi laburra sortu dute, izan ere, «etorkizuneko lehentasunak eta estrategiak irudikatzeko zuen iritzia jasotzea ezinbestekoa dela deritzogu».