Euskararen erabilera sustatzeko plan berria diseinatzen hasi da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
«Euskara indarberrituko eta euskaldunok ahaldunduko» duen plan estrategiko berria diseinatzen hasi da Galdakaoko Udala. Lehen fasean herritarrei galdetegi bat helaraziko die eta betetzeko epea zabalik dago honezkero, martxoaren 1era bitarte.
Hamar urtetan zehar egon da indarrean orain arteko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, eta 2022an plangintzaren ebaluazioa egin eta berritzeko batzorde atal berezi bat abiatu zen, Euskararen Aholku Batzordearen baitan.
Behin ebaluazioa eginda, plan berri bat sortzen hasi dela jakinarazi du Galdakaoko Udalak, «Galdakaon euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategiko berria gidatuko duen plan estrategiko berria».
Plan berriaren helburua da «gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta gaur egungo testuinguru eleaniztunean euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko».
Horrela, balio nagusi hauek ditu: oroz gaindi, adostua, egingarria eta eragingarria izatea; hizkuntza-ekologiaren begiradatik aniztasuna kudeatzea (eleaniztasuna; hizkuntza eta kultura aniztasuna), justizia soziala eta gizarte inklusioa erdiesteko baliabideak sortu nahiz erraztea, horretarako, zeharlerrotasuna, lankidetza eta partehartze koordinatua lehenetsiz.
Plan estrategiko berri hori diseinatzen hasteko, lan batzar eta egiteko desberdinak aurreikusi ditu Galdakaoko Udalak:
– Aurreko Plana baloratzea: batzar teknikoak.
– Plan berriaren egitura aurkeztea eta diseinatzea: udal zinegotziak, udal langileak, herriko eragileak…
– Plan berria ontzea eta proposamena aurkeztea: lan teknikoa.
– Plan berria onartzea: Galdakaoko Udalbatza
Lehen urratsa ordea herritarren pertzepzioa jakitea da eta horretarako Udalak galdetegi bat helaraziko die, honezkero betetzeko zabalik dagoena, martxoaren 1era arte.
Galdetegi horiek betetzeko aukera izango dute, besteak beste, Ikastetxeetako DBH 3. eta 4. eta Batxilergoko ikasleek, ikastetxeetatik inkesta zuzenean jasoko dutenek. LH-ko ikasleei dagokienean, inkesta horiek gurasoei helaraziko zaizkie.
Parte-hartze plataforman izena emanda duten herritarrek ere inkesta jasoko dute, euren iritzia eman dezaten. Baita euskaltegietako ikasleek ere.