Euskaraz praktikatu nahi? Berbalagun egitasmoan izena emateko epea ireki dute

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Farknot Copyleft

Herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak batzeko helburuz ikasturtero martxan jartzen den Berbalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik dago. Tabernetan ibiltzen diren taldeez gain, interes talde anitzak batuko dira aurten ere doakoa den ekimenean.

Etxebizitzetako atarietan Galdakaoko Udalak jarri duen bando batek Berbalagun egitasmoaren ikasturte berria martxan dagoela iragartzen du. Hemendik aurrera, «herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin erlazionatzeko» egitasmoan izena eman dezake euskaraz hitz egiteko gutxieneko maila duenak eta, noski, euskaraz berba egiteko gogoa zein beharra duenak.

Bakoitzari hoberen datorkion egun zein ordu tarteetako batean lagun taldea egin eta «herritar orori euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea eta euskararen presentzia gure kaleetan eta gizartean areagotzea» da Berbalgun ekimenaren helburua.

Baina gainera, etxetik edo lanetik aritu gura duenarentzat, on-line bidez ere euskaraz praktikatzeko aukera eskaintzen jarraituko du aurten ekimenak —pandemia garaian hasi ziren aukerari jarraituz—, eta etxeko txikiekin famili artean euskaraz aritu gura duten familientzat Gurasolagun taldeekin ere jarraituko dute.

Iaz 112 lagunek hartu zuten Berbalagunen 14 talde desberdinetan banatuta. Talde horiek mendiko paseoak emateko taldeak, musean jokatzeko taldeak, gimnasia taldeak, jostunen taldeak, frontenisean aritzeko taldeak edota poteoan ibiltzeko geratzen diren taldeak dira.

Izen-ematea doakoa da eta AEK, Udal Euskaltegia eta Galdakaoko Udalaren Euskara Arloa dira Berbalagun egitasmoaren bultzatzaileak.

Informazioa jaso edota izena eman nahi duenak, hauetariko bide batetik egin dezake:

  • Berbalagun egitasmoan bertan
    607146855
    galdakao_berba@aek.eus
    hegouribe.blogspot.com
  • AEK euskaltegian
    Barandiaran kalea, 5
    944564119
    barandiaran@aek.eus
  • Udal Euskaltegian
    Mugaburu, 6
    944566174
    euskaltegia@galdakao.eus
  • Udalaren Euskara eta Hezkuntza Arloan
    Torrezabal Kultur Etxea, 2. solairua
    944010504
    hezkuntza-euskara@galdakao.eus