«Ez dakigu», Ane González
Iritzia
Ane González Castillo
BINKE / 2021eko ekaina
Ez dakigu
Enbor bereko ezpalak dirudite, gazteon bizitzaren agintea hartzeko asmoz, etengabeko oihartzuna sortzen duten helduek —edo ez hain helduek—. Zer ikasi nahi dudan, non egingo dudan lan, ea non ikusten dudan neure burua 10 urte barru… Asmo onean beti; baina, betiko sorgin-gurpil bera.
Gure bizitzak igarotzen duen unearen jakitun bagara ere, kostata ikasi dugu ikasketek dakarten auto-presio eta lanaz gain, ingurukoek —nahi edo nahi ez— inposatutako hausnarketek ia eragozpen gehiago dakartela.
Ikasleok galtza bete lan daukagula ukaezina da, batxilergoko bigarren mailan behintzat —nire kasuan bederen—. Dena dela, bakoitzak bere astoari egiten dio arre, eta ez genuke zertan edozeinen jakin-mina asetu, gure norbanako zalantzak ditugun bitartean.
Hortaz, gure bideak urratzeko erraztasunak bilatzen laguntzea ere badute euren esku oihartzunen jabeek. Itzuli-mitzulika gabiltzanoi iparra berriz non dugun zain ikus-entzule egotea baino, orientazio baliabideen berri ematea dute hobe. Zer edo zer bada ere, unibertsitateko graduen inguruko informazioa eskaintzen zaigu, bai. Ostera, zenbatetan jaso dugu ikastolan goi-mailako zikloen sorta anitzaren gutxieneko azalpenen bat? Ziur asko batxilergoan gauden ikasleon erdiak ere ez du entzun L.H.I.I baten berri sekula.
Beraz, zer ikasi nahi dugun? Non egingo dugun lan? Non ikusten dugun geure burua 10 urte barru? Bada, agian ez dakigu.