Fikzioa eta pasarte historikoen lana, «Helize», aurkeztu du Mikel Begoñak gaur Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Fikzioa eta pasarte historikoen lana, «Helize», aurkeztu du Mikel Begoñak gaur Sormenen
TESTUA ETA ARGAZKIA: Iñigo Larrrea Labarrieta
Arrastiarekin jarraituz, Mikel Begoña idazlea izan da gaurko bosgarren idazle protagonista Sormenen. Oholtza gainean berarekin batera Gotzon Barandiaran izan du solaskide eta Iñaki Martinez ilustratzaile-lagun.
Arratsaldeko txanpari hasiera Yolanda Arrietak eman dio Sormenen, gaur liburu berrien aurkezpenean —Ahotsenearen eskutik—. Bere ostean etorri da eguneko bosgarrena eta arratsaldeko bigerrena: Mikel Begoña aurkezten aritu da gaur oholtza gainean Iñaki Martinezekin bere azken lana: «Helize».
Begoñak komikien gidoiak idatzi ditu azken urteotan eta jada bi sariren irabazle izan da txapelketetan aurkeztutako obrengatik, bata 2005eko Kokoe lehiaketagatik, eta bestea 2006ko Ganorabako txapelketagatik. Oholtza gainean berarekin Gotzon Barandiaran eta Iñaki Martinez egon dira. Idazlea Barandiaranekin solasean ibili da, liburuaren inguruko elkarrizketa eginez. Era berean, ezizenez Iñaket ezaguna den Martinez marrazkilaria ere egon da oholtzan, elkarrizketan aipatzen ziren galderen inguruko marrazkiak irudikatzen.
Begoña eta Martinez elkarlanean hasi ziren 2008. urtean eta geroztik «Tristísima ceniza» eleberria, lau nobela grafiko eta «Helize» liburua argitaratu dituzte batera. Aipatu bezala oholtzan Barandiaranekin ibili dira eta liburuaren inguruko hainbat zehaztapen eskaini dituzte. «Helize» geografikoki Bizkaiko kostaldetik gertu kokatzen den Lehen Mundu Gerrako obra da, hain zuzen ere 1917. urtean. Liburua berez fikziozko istorio batean oinarritzen da, baina berez, obrak badauka bere izaera historikoa ere. Horregatik, Begoñak ikerkuntza lana egin behar izan du lana bere osotasunean idatzi ahal izateko. Lan hori liburuko amaierako dosierren aurkeztu du idazleak, garai hartako historiaren nondik-norakoak azalduz irakurlearen ulermena hobetzeko.
Begoñak liburuaren argumentua gerra garaiko itsaspeko batean oinarritzen du, eta ibilgailua oinarritzat hartuz, gerra garaiko egoera korapilatsua jorratzen du eleberrian zehar. Liburuan nagusitzen diren gaiak abertzaletasuna, gerra garaiko gutxi batzuen irabaziak, eliza… Guzti horien inguruan solasean ibili dira Begoña eta Barandiaran, eta bien bitartean liburuaren ilustratzaileak liburuan oinarritutako estiloa erabiliz bikoteak esandakoak irudikatu ditu.
Eguneko literatura saioekin jarraituz, «Izotzetan islatuak» aurkeztu dute gaur Leire Alonso, Aroa Elortza, Kattalin Urrengoetxea eta Idoia Ugaldek. Gogoratu saio guztiak gure webgunearen hasiera-orritik jarraitu daitezkeela streaming bidez.