«Gabon-afaria»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2017ko abendua
Intera bateko Gabon-afariak aldatuz joan jakuz. Lehenago, Gabon eguna bijilia eguna zanez ez zan haragirik jaten. Horregaitik gure baserrietan, Gabon gaueko sendi-afarian, orio-aza jaten zan hasieran, herri abestiak dinoskun legez:
Aita Juaniko seme Periko
zer daukak afariteko
orio-aza gozo-gozoa
opil beroagaz jateko.
Bigarren plater lez, karakolak jaten ziran tomatetsu. Janari hau be bijiliak eragindakoa zan, karakola ez dalako ez haragi ez arrain. Geroagora hasi ziran «tranpatxuak» eginez karakolei pernil zatiak-eta sartzen. Hirugarren platera arraina izaten zan, besigua, lebatza edo makailoa, abestiak dinoskun legez:
Gabon gauean ospatzen dogu
guztiok afari ona;
besigu, lebatz, makailo saltsa
bakoitzak berak (ah)al dau(e)na.
Azkenik postreak etorzan, eta, besteak beste, intxaur-saltsa izan dogu bereziena, urtean zehar gordetako etxeko intxaurrak bitarteko. Ondo afaldu eta gero txurrunplinplanak, kantuak eta karta-jokoak etorzan loak jo eta errendidu arte.
Usadio batzuk aldatuz joan arren, ondo legoke euskaldun egiten gaituen ohiturei eustea.