Galdakao 1.200 etxebizitza hutsei irtenbidea ematen saiatuko da
Etxebizitza
BINKE / 2021eko martxoa
Galdakao 1.200 etxebizitza hutsei irtenbidea ematen saiatuko da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udalak gaur eskaini duen prentsaurrekoan adierazi du herrian 1.200 etxebizitza baino gehiago direla hutsik, eta Alokabideren bitartez horiei irtenbidea ematen saiatuko dela, «erakundearen eta etxebizitza hutsetako jabeen artean zubi lana eginez».
Galdakaoren arazoa bakarrik ez bada ere, «herri honek duen arazo bati konponbidea emateko neurria» iragarri dute gaur udaletxean Nerea Orozko Etxebizitza zinegotziak eta Vero Pablos Etxebizitzarako administrariak: zer egin herriko etxebizitza hutsekin?
Galdakaok eta Usansolok, elkarrekin, 1.200 etxe huts baino gehiago dituztela iragarri dute gaur Udalaren ordezkariek, eta etxebizitzaren beharrizana dutenen esku uzteko borondatea agertu dute. Horretarako, «Udalak zubi lana egingo du Alokabideren eta pisuetako jabeen artean, jabeak Alokabideren berri izan eta euren etxebizitza hutsak alokairuan jartzera animatzeko», esan du Orozkok.
Harremana hasteko, gutun bana bidaliko die Udalak jabeei, «eta euren pisua Alokabideren esku uzteak dituen bermeen berri emango zaie», Pablosen arabera. Abantailak, besteak beste, hauek dira: etxebizitzaren asegurua, etxea utzi den bezala bueltatzeko konpromisoa eta sei urteko hileroko alokairuaren ordainketa —nahiz eta tarte horretan hilabeteren bat hutsik egon etxebizitza—.
Horrela ba, herriko erakundeak etxebizitza hutsak dituzten jabeei Alokabiderekin edo Udalarekin berarekin harremanetan jartzeko gonbitea egin die, «inor ez daiten kalean etxe barik geratu». Alokabidek jabeari bere etxebizitza seguru alokatzeko berme guztiak eskainiko dizkio eta etxe huts horren beharra duenari dirulaguntza eskainiko dio, alokairu hori ordaindu ahal izateko.
Badago beharra. Alokabide Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa da, alokairurako politikaren bidez etxebizitzak gizartean betetzen duen eginkizuna garatzen duena. Alokairuak kudeatzeaz arduratzen da erakunde hau, beraz, baina diruz lagundutako alokairu baten beharra duenak Etxebiden eman behar du izena.
Galdakaoko udalerrian 380 herritar inguru dira Etxebiden izena eman dutenak, izan etxe bat erosteko edo alokairu baten sartzeko laguntzaren beharra dutelako, «baina beste askok erakunde hauek existitzen direnik ere ez dakite», onartu dute gaur Nerea Orozkok eta Vero Pablosek. Horregatik, Alokabiderekin zubi lana egiteko iragarpen hau baliatu gura izan dute herritarrei ere erakunde hauen berri emateko.
Hala ere, herritarren batek informazio gehiago behar badu edo tramiteak egiteko laguntzarik behar badu, Udalaren telefono zenbaki honetara deitu dezake: 94 401 05 29.