Galdakao Boleibol Taldea, ilusioz eta erronkaz beteriko aro berria

Argazkia: Jon Gomez Garai

BINKE / 2025eko azaroa

Galdakao Boleibol Taldeko guraso talde batek klubeko presidentea eta zuzendaritza kargutik kentzeko zentsura-mozioa aurkeztu zuen maiatzaren 6an. Egun horretan bertan Zuzendaritza Batzorde berria eratu zuten eta ordutik «ilusioz eta erronka berriekin» lan egiten ari dira. Batzordeko kideekin izan da BINKE, klubaren egungo egoera hobeto ezagutzeko asmoz. 

Galdakao Boleibol Taldeko Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa ekonomikoaren «erabateko gardentasun faltarekin» eta «jokalariei transmititzen zaizkien printzipioekin» arduratuta, klubeko guraso talde batek zentsura-mozioa aurkeztu zuen maiatzaren 6an. Guztira 150 lagun inguru batu ziren Gandasegin antolatu zen ezohiko batzarrean eta lehenik eta behin M.A. Galdakao Boleibol Taldeko gurasoak zentsura-mozioa aurkeztu zuen guraso taldearen bozeramaile. Horrek hainbat kirol eta finantza alorretako  argudioak aurkeztu zituen zentsura-mozioa egiteko.

Zuzendaritza berriaren eraketa. Bozkatu ahal izan zuten 95 pertsonen artean Zuzendaritza Batzordea kargutik kentzeko zentsura-mozioaren alde 68 bazkidek bozkatu zuten, 26 bazkidek kontra eta bakar batek abstentzioaren alde egin zuen. Jarraian, Zuzendaritza Batzorde berrirako hautagaiak bozkatu zituzten eta ordutik talde honek gidatzen du Galdakaon eta Euskal Herria osoan erreferente den kluba. 

Oscar Ruiz (presidentea), Igor Villaverde (presidenteordea), Amaia Fernandez (bokala), Nerea Perez (idazkaria), Paula Pomerantz (bokala) dira Zuzendaritza Batzorde berriko kideak eta hauekin izan da BINKE, klubaren egoera ezagutzeko asmoz: «Azpimarratu beharra dugu guk aurpegia eman arren, beste hainbat eta hainbat pertsona daudela zuzendaritza berri honen atzean, aro berri honetan laguntza itzela ematen ari direnak».  

Egoera ekonomikoa hobetzeko erronka. Nahiko egoera txarrean aurkitu zuten kluba, finantzei dagokionez batez ere, eta zerotik hasi behar izan zirela nabarmendu dute. «Aurreko zuzendaritzak zuen gardentasun faltak egoeraren pistak ematen zizkigun, baina dokumentuak aztertzen hasi ginenean konturatu ginen egoera benetan  larria zela», adierazi dute Zuzendaritza Batzorde berriko kideek. «Zorrak zeuden enpresekin, entrenatzaileekin, jokalariekin…», azpimarratu dute.

Aro berri honetako erronkarik handienetakoa beraz, klubaren egoera ekonomikoa hobetzen saiatzea izan da. «Ez da lan erraza izan, dokumentu asko aztertu behar izan ditugulako banan-banan. Talde berezi bat osatu dugu horretarako eta pertsona horiek oraindik jarraitzen dute dena ondo ikertzen», azaldu du zuzendaritza berriak. 

Bitartean, finantziazioa bilatzen jarraitzen dute, «handik eta hemendik»: «Babesle bila gabiltza baina baita kolaboratzaile bila ere, dirua eskaini ezin ezean, produktuak eskaintzen dituztenak, adibidez zozketak egiteko». «Herriko jende gehiena eta komertzioak hasieratik egon dira laguntzeko prest. Adibidez, Superliga 2 taldeko jokalariei —hemengoak ez direnak— bazkaria eta fisioterapia saioak eskaintzen dizkiete, eta baita gimnasio zerbitzua doan», adierazi dute: «Klubetik deia egiten diegu herritarrei. Laguntza behar dugu gure egoera hobetzeko eta edozer gauza da lagungarria egiteko honetan». 

Emaitzatetik haratago. Arlo ekonomikoaz gain, beste erronka batzuk ere aurkitu ditu guraso talde honek zuzendaritzara heltzean. «Ez zitzaigun gustatzen nola bideratzen ziren gauzak kirol arloan eta horregatik aldaketak egin genituen hasieratik. Gure helburua lehiakortasunaz haratago joatea da, oinarria formazioan jarriz, pertsona eta kirolari moduan», diote gurasoek. 

Horretarako, arlo ekonomikoan egin zuten bezala, talde txiki eta espezializatuak eratu dituzte kudeaketa eta behar bakoitzerako: Superliga 2 taldearen beharrak, nesken talde nagusiaren beharrak, txikien formazioa, zozketak… Gainera, adingabekoen babeserako pertsona bat jarri dute. «Ezinbestekoa da adingabeen eta jokalari guztien ongizatea bermatzea eta horretarako pertsona asko behar dira lanean», azpimarratu du batzorde berriak. 

Komunikazioan eta euskararen erabileran ere aurrerapausoak eman dituzte hilabete hauetan zehar, eta hobetzen jarraitzea espero dute, herritarrei eta zale guztiei klubeko taldeen emaitzen eta lanaren berri emateko asmoz. 

Bide berdina jarraituz. Guztira 230 jokalarik osatzen dute Galdakao Bolei Taldea eta gizonezkoen nagusiak duela bi urte lortu zuen Superliga 2 ligara igotzea. Lorpen historikoa izan zen eta ordutik kategorian mantentzea da helburua, denboraldi honetan ere. «Horretarako, kanpoko jokalariak ekartzea ezinbestekoa da eta horrek inbertsio handia eskatzen du», azaldu du zuzendaritza berriak, arlo ekonomikoak duen garrantzia gogoraraziz. Emakumezkoen artean aldiz, talde bat dago Liga Vasca 1 deiturikoan eta honen helburua kategoriaz igotzea da, Espainiar estatuan lehiatu ahal izateko: «Zaila da baina saiatuko dira, oso jokalari onak eta lehiakorrak dira».

Erronka beraz, arlo guztietan aurrera egiten jarraitzea da, «nondik gatozen eta egindako lan guztia nabarmenduz, baina aurrera begira»: «Asko eskertzen dugu jasotako laguntza guztia eta espero dugu horrela izaten jarraitzea. Klubeko jokalari eta gurasoak deitzen ditugu ahal duten heinean laguntzera, edozer gauza baliagarria izan daitekeelako». «Zuzendaritza talde hau urte baterako eratu da bakarrik eta ostean hauteskundeak antolatu behar dira. Ez dakigu hauek antolatzean gu edo beste aurpegi batzuk aurkeztuko garen, baina asmoa bide honetatik lan egiten jarraitzea da», diote gurasoek. •

situs togel

situs toto