«Galdakao harrizko herria», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2023ko urria
Galdakaoko Ganguren itzal handiko mendia da: baso aberatsekoa, haritz ederrez eta gaztainondo zaharrez jantzia. Baina lurpeko zainetan dauka altxorrik aberatsena: orain 100 milioi urte baino gehiago ingurune itsastarrean eratu zen hareharri garbi-garbia. Ia oraintsura arte, hamaikatxo galdakaoztarren lanbide eta ogibide izan dira hemengo hareharrizko harrobi ugariak, etxegintzarako harlanduak edota labetarako adreilu erre-gogor bikainak egiteko. Zenbat eliza eta jauregi eder! Besteak beste, Elexaldeko Andra Mari (S.XII), Portugaleteko Santa Maria (S.XV/XVI), Etxebarriko San Esteban (S.XVI), San Antongo elizari deutsola egindako Bilboko udaletxearen eraikina (S.XVI), Lutxanako Dorreen erreforma (S.XVII), Bilboko Foru Aldundia (S.XIX/XX) edota Portugaleteko Udala (S.XIX). Gainera, Galdakaoko harria Inguruko herrietan etxeak egiteko erabiltzen zen, baita ere labe garaiak zein jauregiak egiteko, Errioxara eta Amerikara helduz.
XX. mende hasieran (1905/1910) zazpi ziren Galdakaon ustiatzen ziren harrobiak. 1921 eta 1927 artean zortzi, 1930ean bederatzi, 1931n hamalau eta 1947an bederatzi. Horien guztien artean, harrobi garrantzitsuenak Abusukoa eta Uraburukoak izan ziren. Abusun, harrobiak aparte adreilu erre-gogorraren fabrika bat zegoen Espainiako gerra zibila baino pixka bat lehenago itxi zuena. Elexaldeko presa ondoan zegoen harrobia izan zen itxi zuen azkena.
Argi dago, beraz, hargintzak sekulako itzala eman diola Galdakaori. Harrizko letraz idatzi beharko genuke: ‘Galdakao harrizko herria’, harriak egin gaituela ahaztu ez dakigun.