Galdakao Oroimena atariaren afera Legebiltzarrera eraman dute EAJk eta PSEk
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Europa Press
Udalak eta Aranzadik martxan jarritako Galdakao Oroimena webgunean «ETAkideak biktima gisa» aurkezten direla salatu zuen atzo PSE-EEk. Salaketa horretara batu da EAJ eta alderdiek elkarrekin legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean, Udalak terrorismoaren biktimak «iraindu eta horien eskubideak urratu» dituela adieraziz.
Historian zehar arrazoi politikoak tarteko errepresioak jasan dituzten galdakoztarren testigantzak ezagutzera emateko helburuz, Galdakao Oroimena webgunea jarri zuten martxan Udalak eta Aranzadik otsailean.
Binkek jasotako moduan, Galdakaoko PSE-EEk webgune horretan «ETAkideak biktima gisa» aurkezten direla salatu zuen atzo. ‘Txapote’ ezizenez ezaguna den Xabier Garcia Gazteluren eta Jon Bienzobasen izenak azaltzen dira webgunean eta biak jazarpen polizialaren biktimatzat hartzen dituzte. Zehazki, torturen beldur edo salbuespeneko espetxe politikaren ihesean atzerrira joan behar izan duten biktimen zerrendan daude.
Victor Trimiño Galdakaoko PSE-EEren alkategaiaren hitzetan, aitorpen honekin «errealitatea bihurritu eta faltsutu egiten da, terrorista horiek biktima gisa aurkezteko eta terrorismoaren edo frankismoaren biktimekin parekatzeko helburu bakarrarekin, biktimekiko edozein enpatiatik urrun dagoen kontakizuna garatzen laguntzeko».
Salaketa hau abiapuntu hartuz, pauso bat gehiago eman dute gaur sozialistek eta EAJrekin batera legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean. Galdakaoko Udalak terrorismoaren biktimak «iraindu eta horien eskubideak urratu» dituela adierazi dute Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkidea eta Miren Gallastegi PSE-EEren legebiltzarkidea.
Terrorismoaren biktimen «aitortza, egia, justizia eta ordaina» bermatzeko beharra azpimarratu dute proposamenean eta baita «memoria etiko eta demokratikoa eraikitzeko beharra» ere. Horretarako, ETAkide bien izenak webgunetik kentzeko eskatu dute.