Galdakao Oroimena webgunea «behin-behinean» itxi dute, Aranzadik eskatuta
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakao Oroimena
Udal-hauteskundeen atarian sortutako zurrunbilo mediatikoa isilarazi nahian-edo, itxi egin dute «behin-behinean» Galdakao Oroimena ataria, Aranzadi Zientzia Elkarteak hala eskatuta. Polemikak Galdakaoko PSE-EEtik Eusko Legebiltzarrera zein Espainiako Gobernura egin du jauzi eta ondorioz ez dago webgunea bisitatzeko aukerarik.
Ilara luzea ekartzen ari da Galdakaoko PSE-EEk sortutako polemika, alderdi sozialistaren aldarrikapenetik EAJren eskakizunetara, Legebiltzarreko leges besteko proposamenetik igarota, Euskadiko PPren agerraldia Galdakaon antolatzera eta Espainiako Gobernuaren ultimatumean amaituta —hilabeteko epea eman baitio Denis Itxasok Galdakaoko Udalari «biktimen eta etakideen arteko parekatzeari amaiera emateko»—. Azkenik, nahiz eta Udalak eta Aranzadik bakoitzak bere aldetik, azalpenak eman dituzten, webgunea «behin-behinean» ixtea eskatu du zientzia elkarteak.
Mezu honekin ageri da orain Galdakao Oroimena atari digitala, zeinek oroimen historikoaren eta gertuko oroimenaren kasu zein lekukotasunak batzen zituen: «Aranzadik egindako lan zientifikoa behin-behinean ez da eskuragarri izango, zientzia elkarteak hala eskatuta». Galdakaokoarekin batera, egoera berean ageri dira beste herri batzuetako oroimen atariak ere.
Webguneak «1936ko gerran eta gerraosteko testuinguruan, kolpistek eta diktadurak eragindako giza eskubideen urraketak eta errepresioa» jasotzen zituen alde batetik, eta «euskal gatazka politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten eta jasaten ari diren pertsonen» testigantzak jasotzen zituen bestetik. Hala azaldu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Buces historialariak.
Bigarren atal horrek, aldiz —nahiz eta zientzia elkarteak «etakideak biktima gisa aurkezten ez direla» komunikatu baten bidez ere azaldu zuen— ez omen ditu alderdi batzuk konbentzitu, Galdakaoko udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztiek honen berri udal-hauteskundeak bistara egon aurretik bazekiten ere.
Hala ba, eta itxita noiz arte egongo den zehaztu ez badute ere, Galdakao Oroimena atarian nabigatzeko aukera itxi dute Galdakaoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak.