Galdakaoko etxegabetze bi salatzeko manifestaziora deitu dute
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Banco Santanderrek eta Kutxabankek adinez txikiko hiru haur dituen ama gazte bat eta 67 urteko pentsiodun bat etxegabetu gura dituztela salatu dute gaur Galdakaon. Honen aurrean herritarrak manifestaziora deitu ditu Etxebizitza Sindikatuak.
Azaroaren 15ean Binkek aurreratu bezala, Galdakaon familia bi etxetik kaleratzeko arriskuan daudela salatu du Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak, eta horren berri 120 lagunez inguratuta eman du gaur prentsaurrean. Eguerdiko 12:30 aldera izan da agerraldia, eta bertan izan da, besteak beste, etxegabetu gura duten galdakoztarra.
Etxegabetze bi horiek «egoera erabat zaurgarrian» dauden galdakoztar biren aurka gauzatu gura dituztela salatu dute gaur Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuko bi kidek. Horietariko lehena 33 urteko emakume bat eta bere hiru seme-alabak dira, 4 eta 8 urte bitartekoak. Sindikatuak, bere aldetik, «kaleratzea ekidiko lukeen alokairu sozialaren inguruan proposamenak helarazi dizkio bai Cerberus bai Banco Santanderri baina ezezkoa eman diete, bai proposamen hauei, bai familia kalean bukatu ez dadin beste edozein soluzio bilatzeko bilera eskaerei ere».
Aipatutako bi enpresa horiek dira familia honen kaleratzea burutu gura dutenak, biek elkarrekin Global Pantelaria izeneko sozietatea baitute, «espainiar estatu osoan ehunka eta ehunka etxegabetze egiten ari dena», salatu dute gaur Kurtzeko plazan.
Beste galdakoztarra Patxi da, Etxebizitza Sindikatuko kideekin batera prentsaurrekoan eserita egon den 67 urteko bizilaguna. «Erretiroa hartu berri, bere familiaren etxea erosi nahi zuen Patxik, eta horretarako mailegua eskatu zuen Kutxabanken, baina pandemia tarteko orain ezin dio aurre egin maileguaren ordainketari eta Kutxabankek kaleratu egin gura du; dagoeneko banketxearen izenean dago etxebizitza», azaldu dute prentsaurrean.
«Sindikatutik konponbide adostu bat lortzeko hainbat saiakera egin baditugu ere, Kutxabankek ez du inolako negoziaziorik eduki nahi izan eta argi utzi du etxegabetzea aurrera eramateko asmoa duela», aldarrikatu dute Galdakaon, eta gaineratu: «Patxiren egoera ekonomiko eskasa —eta etxegabetzea burutzekotan beste inon bizitzerik ez daukala— frogatzen duten agiriak helarazi badizkiogu ere, Kutxabankek bere horretan darrai».
Gainera, baldintza hauetan etxegabetze hauek egitea «ilegaltzat» hartu ditu Etxebizitza Sindikatuak, «baina banketxeek eta putre-funtsek zirrikitu guztiak erabiltzen dituzte kaleratzeak burutu ahal izateko». Horren aurrean, galdakoztar familia bi hauen alde negoziatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute sindikatutik, eta kaleratzea saihestu ezina bada alokairu soziala exijitzen jarraituko dutela defendatu dute.
Arazo bi hauen aurrean mobilizatzera deitu du Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak, abenduaren 15ean 19:00etan Santi Brouard enparantzan manifestaziora deituta.