Galdakaoko euskararen komunitatea josteko gakoez aritu ziren zapatuan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Euskaltzaleen Topagunea
Kike Amonarriz gonbidatu izan zuen hausnarketa lan-saioa antolatu zuten zapatuan Euskaltzaleen Topaguneak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta Galdakaoko Udalak. Berrogeita hamar lagun inguru batu ziren Gandasegi eskolako aretoan, eta bere webgunean batu ditu Binkek saioak emandakoak.
Euskararen komunitatea saretzen hasteko eta euskararen aldeko sustapenean jardungo duen egitura sortzeko helburuz, topaketa antolatu zuten Galdakaon zapatuan, maiatzak 13, Euskaltzaleen Topaguneak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta Galdakaoko Udalak.
Berrogeita hamar lagun inguru batu ziren zapatu goizean Gandasegi eskolako areto nagusian. Aurrera begirako gakoak batzeaz gain hausnarketa saioa izan zen, batez ere, zapatuan eskaini zutena. Galdakaoko Udaleko Euskara Arloko udal-teknikariak, Edurne Espilla Euskara zinegotziak, Nagore Ferreira Bagabiz Euskara Elkarteko kideak, Jon Kobeaga eta Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko kideek eta azken erakunde honetako presidente den Kike Amonarrizek hartu zuten parte.
Amonarrizekin hitz egiteko aukera izan du Binkek, saioaren inguruko errepasoa egin eta bere iritziak ezagutzeko. Galdakaoko errealitate soziolinguistikoaz aritu ziren lehenik, eta ostean Amonarrizek ordu erdiko hitzartean gaur egungo egoeraren klabeak zeintzuk diren eta hortik ateratzeko bai herritik zein nazio ikuspegitik ere Topaguneak ikusten dituen «palankak» aipatu zituen.
Herriz herri eta Euskal Herri mailan euskara elkarteak egiten ari diren «argazki orokorraz» ere aritu zen hizlari ezaguna. Horren ostetik, bertaratutako guztiak lau taldetan banatu ziren eta —aurretik herritarren artean zabaldutako inkestak aintzat harturik— Galdakaon euskararen biziberritzerako lehentasunezkotzat hartu ziren hiru esparru nagusiez hausnartu zuten. Hiru esparru edo lan-ildo horiek dira: sentsibilizazioa, erabilera eta aisialdia. «Zer egin beharko litzateke? Norekin egin beharko litzateke? Eta nola egin beharko litzateke hiru ildo horiek indartzeko?», izan ziren taldeek erantzun beharreko galderak.
Bertan batutako herritarren hausnarketa eta iritzi guztiak bildu zituzten Euskaltzaleen Topaguneko kideek, «orain horrekin, epe laburrean, txosten bat egin eta txosten horren gaineko eztabaida sortu dezagun Galdakaon bertan», azaldu dio Kike Amonarrizek Binkeri.