Galdakaoko kaleak ilusioz beteko dituzte bihar Errege Magoek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Valencia Plaza
Kolore eta gozokiz beteko dituzte bihar Galdakaoko kaleak Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Udalak antolatutako kabalgata 18:00etan hasiko da Bengoetxeko elizatik eta aurretik tailerretan parte hartzeko aukera izango dute haurrek.
Beste urte batez, Errege Magoek Galdakao bisitatuko dute. Meltxor, Gaspar eta Baltasar herriko kaleetan zehar izango dira bihar, urtarrilak 5, 18:00etatik aurrera eta gozokiak banatuko dituzte umeen artean.
Aurten ere Gabone Izarra etorriko da erregeekin batera eta inklusioaren eta berdintasunaren aldeko mezua bidaliko du. Ildo honetan, Argizai Eskaut Taldeko antolatzaileek azaldu dutenez, kabalgata inklusiboa izango da. Erregeek umeak jasotzean ilara berezia izango da behar zehatzak dituzten haurrentzat, toki jendetsuak ekiditzeko. Halaber, ibilbidearen azken zatian musikaren bolumena jaitsiko da pertsona guztiek gozatzeko aukera izateko helburuz.
Bengoetxeko elizan hasiko dute Errege Magoek ibilbidea eta horren aurretik, 16:30ean, gutunak egiteko eta aurpegia margotzeko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute haurrek.
Bengoetxeren ostean Sixta Barrenetxetik igaroko dira Errege Magoak eta ostean Bizkai kaletik, Zamakoatik, Juan Bautista Uriartetik, eta azkenik Kurtzeko plazara helduko dira.
Kabalgataren ondorioz trafikoan eta autobus linea batzuetan aldaketak egongo dira kabalgatak irauten duen bitartean.