Galdakaoko kultur ondarearen katalogo berria ezagutzera eman du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pasa den abenduko osoko bilkuran udalbatzak Galdakaoko kultur ondarearen katalogoa handitzea erabaki zuen eta atzo aurkeztu zituen babestuko diren eraikin berriak. Herritarrek katalogoaren nondik norakoak ezagutzeko aukera dute Torrezabalen ikusgai dagoen erakusketaren bitartez.
Orain arte hamalau eraikuntza izan dira Galdakaon kultur ondare gisa babestuak eta kopurua hirurogeita zazpira igotzea adostu zuen udalbatzak pasa den abenduko osoko bilkuran. Atzo egin zuen Udal Gobernuak eraikin berrien aurkezpena, Torrezabal Kultur Etxean antolatutako prentsaurrekoan.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Olaia Parra Kultura zinegotzia eta ondarean eta historian adituak diren Jesus Muñiz, Edu Madina eta Xabier Valencia izan ziren aretoko erakusketa gelan, Udal Gobernua osatzen duten lau taldeetako bozeramaileekin batera.
«Urteetan ikusi da herriko ondarea desagertzen joan dela», azaldu zuen Iñigo Hernandok, egitasmo honen asmo nagusia hori saihestea dela azpimarratuz. Olaia Parraren hitzetan, hiru dira helburuak: dokumentatzea eta inbentarioa egitea; ondareari buruzko legea betetzea eta ondarea zabaltzen laguntzea, haren balioa nabarmenduz. «Gure ondarea kalitatez hedatu ahal izango da», adierazi zuen Kultura zinegotziak.
Adituek «hasierako pausua» besterik ez dela adierazi zuten eta egindako lanaren garrantzia nabarmendu zuten. Edu Madinak «aspaldi egin beharreko lana» dela adierazi zuen eta Xabier Valenciak eraikin erlijiosoak ez ezik, arkitektura industriala eta haren inguruan sortutakoak ere babestu behar direla aldarrikatu zuen.
Nondik norakoak aurkezteko erakusketa
Kultur katalogoaren bitartez babestu diren eraikinak herritarrei ezagutzera emateko helburu honetan, Torrezabal Kultur Etxean erakusketa antolatu du Udalak. Atzo auzokide batzuek izan zuten bilduma ikusteko aukera eta gainontzekoek hiru astetan zehar egin ahal izango dute. Halaber, interesa dutenekin informazio bilerak egiten ari dira hobekuntza posibleak jasotzeko eta informazioa eskaintzeko hitzaldiak ere prestatuko dira.
Bestalde, euren propietateak katalogatzeko proposatzen den jabe guztiek jakinarazpen bat jasoko dute eta katalogorako sortutako fitxa espezifikoaren bidez informazio zehatza emango zaie. Katalogoa behin betikoa izango da helegiteak aztertu eta aldaketak egiten direnean.