Galdakaoko udal-eraikinetako garbitzaileek beraien enpresaren aurka egin dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Langileek Binkeri bidalita
Galdakaoko udal-eraikinetako garbitzaileak Galdakao Garbiketak enpresako langileak dira, eta kaleko garbitzaileekin alderatuta eraikinetako garbitzaileen artean dagoen soldata arrakalari aurre egiteko baldintza adostu zuten Udalarekin. Ordea, hautsak harrotzen omen dabil erabakia, eta akordio horren alde dauden langileek pegatinaz eta kartelez bete dute enpresaren egoitza bart goizaldean. Zergatik? Langileekin eta zuzendaritzarekin hitz egin du Binkek.
Galdakao Garbiketak enpresaren egoitza pegatinaz eta kartelez beteta esnatu da gaur, eguaztena. Bart goizaldean Galdakaoko udal-eraikinetako garbiketaz arduratzen den enpresako zenbait langilek ekintza egin dute beraien zuzendaritzaren aurka, «Udalak Galdakao Garbiketak enpresari eskaini gura deutson langileen soldataren igoera modu desegokian erabiltzeko daukan asmoagatik».
Urteetan zehar mobilizazioak egin dituzte Bizkaiko bulego eta eraikinetako garbitzaileek soldata arrakalari aurre egiteko, Binkek garbitzaile bati 2022ko apirilean egindako elkarrizketan jaso zuen moduan. Haien artean Galdakao Garbiketak enpresako langileak daude eta prozesu luze baten ostean Udalarekin akordio batera heldu direla iragarri zuten aurtengo otsailean. Horregatik, langileek Binkeri adierazi diotenaren arabera, «aldarrikapen hau enpresaren aurka egin dugu, ez Udalaren aurka».
Akordio honi esker, kaleko eta eraikinetako garbitzaileen artean dagoen soldata desberdintasuna txikitzeko neurriak hartuko ditu Galdakaoko Udalak. Modu honetan, erakundea prest agertu da 500.000 euro gehiago inbertitzeko zerbitzu berrian. Kopuru horiek egunerokora eramanda, eta ELA sindikatuaren arabera, «adostu dogu emakumezko langileek 500 euroko igoera jasotzea hilean, aparteko hamabost ordainsaritan, soldata-arrakalaren plus gisa». Horren ondorioz, langileek 7.500 euro gehiago kobratuko lituzkete urtean.
Ordea, hauteskunde sindikalak egin dira enpresan, UGTk ordezkaritza zabalagoa lortu du eta honek enpresaren proposamenaren alde egin duela salatu dute zenbait langilek. Proposamen hau ondo idatzita ez egotea leporatu diote enpresako jabeei, eta «zehaztasun asko faltan egotea» adierazi, hala nola: bajan dauden langileek ere soldata igoera kobratzea —ez da hori aurreikusten enpresaren proposamenean—, urtean 15 ordainsaritan kobratzea —ez dute enpresakoek halakorik zehaztu—, «soldata arrakala» kontzeptupean egitea eta ez «ekoizpen plus» baten moduan…
Zer dio enpresaren zuzendaritzak?
Arazoak ezkutatzen duen arrazoia argitzen saiatzeko, langileekin ez ezik enpresaren zuzendaritzarekin ere hitz egin du Binkek. Azken honek hedabide honi azaldu dio «ez dela erabat egia» langileek esaten dutena, eta «baietz, urtean 15 ordainsari» eskainiko dituela enpresak.
Hala ere, Binkeri onartu egin dio zuzendaritzak «ELA sindikatuak Galdakaoko Udalarekin adostu duen gehigarri hori» bajan dauden langileei ez ordaintzea, «ez bada baja hori lanak eragin diela». Hala arrazoitu du zuzendaritzak erabaki hori: «Gaur egun, bataz beste, %31,8ko lan-abstentzioa dugu egunero eta urte osoan; ezin dugu kontzeptu bera bi aldiz ordaindu, bajan dagoenari eta bera ordezkatzeko kontratatu behar dugun langile berriari».
Gainera, neurri berri honekin «orain soldata arrakala guk geuk sortuko dugu gure langileen artean: enpresa pribatuentzat ari direnen eta eraikin publikoentzat ari direnen artean», dio zuzendaritzak, eta gaineratu: «2022ko azaroan Bizkaiko hitzarmena sinatu ostean, orain guretzat egingarria ez den aldarrikapen batekin datoz, gainera langile zehatz batzuentzat esklusiboki eskatzen».
«Soldata arrakala» edo «ekoizpen plus» kontzeptuengatik galdetzean, zuzendaritzak arrazoitu egin du ñabardura: «Guk ezin dugu onartu soldata arrakala bat dagoenik, hitzarmena errespetatzen ari garenean gainera, bestela gure buruen kontra egitea litzateke, eta beste langile guztiak gainera etorriko litzaizkiguke, arrazoi osoz».
Galdakao Garbiketak enpresak 38 langile ditu gaur egun, eta horietatik lau baino ez dira ari partikularrentzat lanean; 34 eraikin publikoetan dabiltza.
Arazoaren jarraipena egiten segiko du Binkek aurrerantzean ere, eta bai langileekin, sindikatuekin zein enpresaren zuzendaritzarekin berba egiten jarraituko du hedabide honek.