Galdakoztarren artean dantza sustatzeko ‘Lumak dantzan’ egitasmoa jarri dute martxan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko Udalak, Andra Mari Dantza Taldeak eta Aiko taldeak ‘Lumak dantzan’ egitasmoa jarri dute martxan. Honen helburua galdakoztarren artean dantza sustatzea da eta adin guztiei zuzendutako ikastaroak eskainiko dituzte.
Galdakoztarrak dantzan jarri nahi dituzte Galdakaoko Udalak, Andra Mari Dantza Taldeak eta Aiko taldeak eta horretarako ‘Lumak dantzan’ izeneko egitasmoa martxan jarri dute. «Helburua mozoiloak lumak astintzen, dantzan jartzea da, izan ere, dantza euskal kulturaren esparru garrantzitsua da», adierazi du Edurne Espilla Kultura zinegotziak gaur egindako aurkezpenean.
«Proiektuaren baitan ikastaroak eskainiko dira baina haratago joatea da gure asmoa», adierazi du Espillak, planak ildo izango dituela azalduz. Batetik, hartzaile ezberdinei zuzendutako ikastaroak eskainiko dituzte. Bestetik, dantzak «praktikan jartzeko aukerak» sustatuko dituzte eta azkenik, «hau guztia testuinguru baten barruan kokatu dugu, euskal ohiturak dantzarekin lotuz».
Bi ikasturtetan zehar garatuko den egitasmoa da ‘Lumak dantzan’, eta aurten hasiko da, helduei eskainitako ikastaroekin. Aiko taldeko Larraitz Artetxek azaldu duenez, saioak eguaztenetan eskainiko dira azaroaren 6tik ekainera bitarte, Torrezabal Kultur Etxean.
Izen-ematea urriaren 17tik 28ra egongo da zabalik Udalaren egoitza elektronikoan edo ESAN bulegoan. Ikastaro hauen prezioa 80 eurokoa izango da eta %30ko hobaria izango dute errenta beheko familiek, Udalak ezarritako baldintzen arabera. Ordutegia aldiz, hauxe izango da: hastapen saioak 18:00-19:30 eta jarraipen saioak 19:30-21:00.
Ikastaro hauek martxan jartzeaz gain, prestaketa lanetan dabiltza proiektu honen arduradunak. Zehazki, hurrengo urterako gazteei eta familiei zuzendutako saioak prestatzen dabiltza eta baita umeek jasoko dituztenak.
Galdakaoko eskoletako LH1 eta LH2 mailetako 300 ume inguruk parte hartuko du ikastaro hauetan 2025-2026 ikasturtetik aurrera, eta helburua «haurrei dantza ikastaroak eskaintzea eta baita errituei eta doinuei buruzko irakaskuntzak eskaintzea da». «Gure asmoa umeek euskal kulturaren ezaugarriak eta esanahia ezagutzea da», azaldu du Jon Eguskiza Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak. «Ondarea transmititzea ezinbestekoa da eta umeek horretan paper garrantzitsua dute», azpimarratu du Eguskizak.
Hemen Edurne Espilla Kultura zinegotziaren eta Larraitz Artetxe Aiko taldearen ordezkariaren adierazpenak ‘Lumak dantzan’ egitasmoaren inguruan: