Eguzkibegi Ikastolak herri kirolak landuko dituen Galdakoztarron Desafioaren bigarren edizioa antolatu du domekarako, apirilak 19. Izen-ematea zabalik dago, eta erronka bi kategoritan lehiatuko da.
Ibilaldia antolatu zen iaz Galdakaon, maiatzaren 25ean. Horren harira, hainbat ekintza egin zituen Eguzkibegi Ikastolak aurreko asteetan, besteak beste, herri kirolen desafio parte-hartzailea.
Ekimenak arrakasta izan zuen galdakoztarren artean eta hori errepikatzeko asmoz, bigarren edizioa antolatuko du Eguzkibegik domekan, apirilak 19, Kurtzeko plazan.
Hitzordua 11:00etan hasiko da, eta bi kategoriatan lehiatuko da erronka: 8-14 urte eta 14 urtetik gora.
Izen-ematea zabalik dago webgune bitartez apirilaren 17ra bitarte, eta bost eta zortzi lagun arteko talde mistoak eratuko dira.




