Usansoloko tren konexioei buruzko galdeketa antolatu zen domekan eta parte hartu zutenen %94,7k erdigunean geltokia ezartzearen alde bozkatu zuen. Geltokia Erdigunean plataformarentzat, emaitzek «balio sinboliko eta politikoa» dute eta administrazio eskudunek «kontuan hartu behar dituzte».
Herri galdeketa antolatu zuen domekan Geltokia Erdigunean plataformak, Metroaren 5. linearen proiektuaren inguruan usansolotarrek duten iritzia ezagutzeko helburuz.
Guztira 1.741 lagunek eman zuten botoa. Hiru aukera eman ziren galdeketan eta hauek izan ziren emaitzak: erdiguneko geltokia mantentzea %94,7, ibilgailuentzako tunel bat eraikitzea %2,5 eta autobus batek herria konektatzea ospitaleko geltokiarekin %1,9.
Antolatzaileen esanetan, emaitza hauekin herritarren borondatea «argi berretsi zen»: «Parte-hartze maila honek erakusten du Usansoloko herritarrak konprometituta daudela beren etorkizunarekin eta mugikortasun duin eta jasangarria bermatzearekin».
Kontsulta ez zen loteslea izan, baina «balio sinboliko eta politikoa» du plataformarentzat. «Lortutako datuak oso kontuan izan behar dituzte administrazio eskudunek», nabarmendu du taldeak.
Era berean, eskerrak eman dizkiete usansolotarrei, jardunaldi demokratiki
honetan izan duten parte-hartzeagatik; galdeketaren garapenean lagundu etaparte hartu zuten persona guztiei eta politika arloko eragileei —bereziki Angel Zurita Laguna, Asier Gonzalez Soreasu eta Igor Anton Hernandezi—, eta baita behatzaile gisa aritu ziren alderdi politikoei: Usansolo Herria, EH Bildu Usansolo, EH Bildu Bizkaia eta Elkarrekin Podemos Bizkaia.
Halaber, «eskerrak luzatu nahi dizkiogu baita ere Usansoloko Gestorari, galdeketa antolatzeko orduan erakutsitako lankidetza eta laguntzagatik».
«Eskerrik asko Usansolo! Orain, konpromiso eta dedikazio berarekin lanean jarraitzea dagokigu, Usansoloren ahotsa entzuna eta errespetatua izaten jarrai dezan. Lortu arte!», adierazi du plataformak.