Ganbila bildumak Gotzon Barandiaranen antzezlan bi batu ditu liburu batean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Maialen Andres / Foku
«Euskal teatroaren argazki garaikide bat» egiteko helburuz, Ganbila liburu bilduma jarri zuen martxan Susa argitaletxeak 2019an. Ordutik hainbat artisten lanak bildu dituzte eta 20. zenbakian Binkeren kolaboratzaile den Gotzon Barandiaranen antzezlan bi batu ditu editorialak.
Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera, Ganbila liburu bilduma jarri zuen martxan 2019an Susa argitaletxeak 2019an. Ordutik, hainbat artisten lanak bildu dituzte liburuetan, «euskal teatroaren argazki garaikie bat» egiteko helburuz.
Azken bi zenbakiak kaleratu ditu argitaletxeak eta 20. zenbakian Gotzon Barandiaranen antzezlan bi batu ditu. Zehazki, Binkeren kolaboratzaile eta Galdakaori oso lotua dagoen artistaren obra hauek batu dituzte liburu batean: ‘Hildako haurra’, orain arte antzeztu gabea; eta ‘Besaulkiak’, Abarka antzerki taldeak Ander Lipusen zuzendaritzapean oholtzara eraman zuena.
Oier Guillan bildumaren editorearen hitzetan, «Barandiaran bada asko interesatzen zitzaigun profil bat, literaturatik datorren idazle bat nola gerturatzen den bere eremutik antzerkira».
‘Besaulkiak’ obraren kasuan, erosotasunaz eta erosokeriaz hitz egiten du Barandiaran eta idazketa kolektiboa izan dela azaldu du. ‘Hildako haurra’ aldiz, horrela definitu du artistak: «Durduzatzen gaituzten gertakarien aurrean sortzaile gisa egin dezakegunak asebetetzen ez gaituenean bizi dugun barne gatazka».
Susak ezagutzera eman duenez 21. zenbakia ere argitaratu du, kasu honetan Maddi Goikoetxearen ‘Ura jaten’ elkarrizketarekin.