Ganguren Mendi Taldeak Cebollera mendilerrora irteera antolatuko du uztailaren 8an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Rawpixel
Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak Errioxako Cebollera mendilerrora irteera antolatuko du uztailaren 8an. Lau mendi igoko dituzte asteburuan zehar: Laturce (1.039 m), Valmayor (1.153 m), La Mesa (2.163 m) eta Cebollera (2.141 m).
Hainbat eta hainbat irteera antolatzen ditu urtean zehar Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak. Hurrengoa Errioxara izango da, Cebolllera mendilerrora, eta guztira lau mendi igoko dituzte.
Zapatuan, uztailak 8, irtengo dira Galdakaoko udaletxetik 7:30ean. Errioxara bidaia autobuses egingo dute eta hara heltzean Clavijotik abiatuko dira, Laturce (1.039 m) eta Valmayor (1.153 m) mendiak igotzeko. Arratsaldean, Vigueratik Badeneko amildegira joateko aukera izango dute parte hartzaileek.
Domekan aldiz La Mesa La Mesa (2.163m) eta Cebollera (2.141m) mendiak igoko dituzte eta Puente Rako ur-jauziak ikusi ahal izango dira. Ostean, Galdakaora buelta egingo dute.
Parte hartu nahi duten bazkideentzako prezioa 78 eurokoa da eta gainontzekoentzat 98 eurokoa. Informazio gehiago lortu daiteke Ganguren Mendi Taldearen webgunean.