Gas anestesikoak biltzeko sistema aitzindaria ezarri dute Barrualde-Galdakaoko ESIan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osakidetza
Anestesiologian erabiltzen diren gasak atzitzeko, biltegiratzeko eta birziklatzeko sistema berria ezarri dute Osakidetzaren Barrualde-Galdakaoko ESIan. Helburua ingurumenean eragiten duten berotegi-efektua murriztea da.
Osakidetzaren Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuak sistema aitzindaria ezarri du anestesiologian erabiltzen diren gasek sortzen duten berotegi-efektua murrizteko helburuz. Zehazki, gasak atzitzeko, biltegiratzeko eta birziklatzeko sistema ezarri dute.
Pasa den urteko ekainean hasi zen proiektu honen lehen fasea, gas protoxidoaren zirkuitu anestesikoak kentzean. Orain ordea, bigarren fasea amaitu da eta gasak biltzeko eta birziklatzeko sistemak instalatu dira arnasgailu guztietan. «Gas horiek, Sebofluoranoa eta Desfluoranoa ez bezala, ezin dira biltegiratu eta neutralizatu», adierazi dute Osakidetzatik.
«Helburua da Europako Itun Berdeak ezarritako helburuak betetzea, hau da, ebakuntza-geletatik eta prozedura diagnostiko/terapeutikoetarako anestesia eta sedazio prozedurak egiten diren eremu ez-kirurgikoetatik gas anestesikoen zero emisio lortzea», azaldu du Sorkunde Telletxeak, Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Anestesiologiako eta Bizkorketako Zerbitzuko eta Minaren tratamenduaren zerbitzuburuak.
Sistema aitzindari honek urtean 100.000 euro inguru aurreztea ahalbidetuko du, ez baitira erabiltzen kanpora isurtzeko gas fluoratuekin nahastu behar diren gas sendagarri garestiak. Halaber, Barrualde-Galdakaoko ESIaren 2022-2025 Plan Estrategikoaren helburuekin bat dator.