«Gezurren habia» aurkeztu du gaur Jabi Elortzak Sormene plazan, Patxo Larrinoa galdakoztarra lagun
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Gezurren habia» aurkeztu du gaur Jabi Elortzak Sormene plazan, Patxo Larrinoa galdakoztarra lagun
TESTUA ETA ARGAZKIA: Iñigo Larrea Labarrieta
Sormenek abenduaren 19rako literaturaz jositako egitaraua aurkeztu du. Eguna hasteko, Jabi Elortzak bere azken lana aurkeztu du Patxi Larrinoa galdakoztarrarekin batera: «Gezurren habia».
Bere ikasle batek eskolan irakurri ohi zuten liburu bati kritika egin zionean idazketaren munduan murgiltzen hasi zen Jabi Elortza. Ikasleak aipatu zion liburu hura nerabeen mundutik urrun zegoela eta momentu horretatik aurrera hiru liburu argitaratu ditu idazleak: «Sara», «Kinito egunak» eta «Gezurren habia». Azken hori bilbotarrak aurten argitaratu duen azken eleberri beltza izan da, eta hain zuzen ere obra hori aurkeztera etorri da gaur Torrezabalera. Gaurkoan solasean ibili dira Jabi Elortza bilbotarra eta Patxi Larrinoa galdakoztarra Sormenen.
Elortzak bere jaioterriko asteburu normal bateko goizaldean girotu du «Gezurren habia». Liburuaren trama ertzainek espero ez zuten dei bat jasotzen dutenean hasten da. Telefonoaren beste aldean, alaba nerabea aurkitu ezinean dabiltzaten gurasoak daude. Hasiera batean, agenteak aztertzera ohituta dauden kasu arrunt bat zela uste zuten, baina ikertzen eta galderak egiten joan ahala, konturatzen dira esku artean duten kasua pentsatzen zutena baino askoz korapilatsuagoa dela. Gainera, familiako kideen emandako testigantzak gezurrean besterik ez dira oinarritzen, eta agenteak desagerpenaren atzean dagoen mundua deskubritzen hasten dira.
Idazleak Patxo Larrinoa galdakoztarra izan du solaskide saioan zehar, eta galdera-erantzunak eginez Elortzaren ibilbide zein azken eleberriaren inguruan hainbat zehaztapen ematen ibili dira. Idazleak azaldu duenez, «Gezurren habia» lanean jorratzen diren gaiak gehienbat nerabeei zuzendutakoak dira; hala nola, sare sozialek gazteengan duten eragina edota nerabe askok etxeetan bizi dituzten egoera latzak. Sormenen ere gazteen interesen inguruan aritu dira. Larrinoak aipatu izan duenez, liburuak duen indargunerik handiena bukaera da, idazleak amaierarekin ezustekoa bilatu duelako. Gainera, liburua bera pieza txikiz osatutako puzzle bat dela ere aipatu du Elortzak. Azkenik, bilbotarrak bere buruari jarri dion azken erronka helduei bideratutako zerbait idaztea izan da.
Egunarekin jarraitzeko Karlos Gorrindo solasean arituko da «Funanbulisten beldurra» lana aurkezten. Gogoratu, atzoko egunean bezala, gaurko eta biharko saio guztiak gure webguneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango direla zuzenean.