«Gizartearen kontzientzia ezari gola», Nerea Urgoiti Galarza
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2022ko abendua
Azaroak 21, irakasleon amets gaiztoaren hasiera. Prentsako titularrak ikastetxeetako gertakizunekin bete ziren eta ez Euskaraldiaren harira, ez horixe. Zenbat mahai borobil, zenbat neurri aldaketa, zenbat buruhauste. Zenbat gatazka eta zenbat haserre. Ikasle baten hitzetan «nos habeis jodido la vida, llevamos 4 años esperando esto».
Ezin azal daiteke futbolaren indarra, antzina talde kirola baino ez zen horrek hartu duen bilakaera beldurgarria. Ulergaitza gizartearen erantzuna, Espainiako Super Kopa Arabia Saudin jokatzetik ikastetxeetako klase dinamikak aldatzerainoko beharra. Ulergaitza bezain mingarria Euskal Herriko txoko euskaldunetan Espainiar selekzioaren golak ospatzen entzun izana.
Amaitu da Mundiala eta ahanzturan geratuko dira estadioak eraikitzeko hildako 6.500 langile migratzaileak, ikusezinak diren horiek futbol ospakizun ikusgarrietan. Eta bueltatuko da normalitatea, ikasgeletan klaseek ohiko bidea hartuko dute, amaitu da parentesia. Baina Qatar Estatuan Giza Eskubideek parentesi artean jarraituko dute, kortxete artean babestuago agian. Homosexualitateak kartzela zigorra izaten jarraituko du, sexua bikote ezkondutik kanpo delitua, emakumeak zero bat ezkerrean, heriotza zigorra indarrean… Baina ez du axola, askoren hitzetan «kirola baino ez da».
Joanes Illarregik Bilbon kantatutakoa gogora ekarriz, kiroltasunez egin ezean ez da kirola. Ederra litzateke, ordea, futbolaren kiroltasuna berreskuratuz, masa eta indar horiek kontrako norabidean txutatuz, gizartearen kontzientzia ezari gola hankartetik sartzea, aldaketa baten hasiera piztea.