Gorka Menendez: «Zientzia farmazia-interesen esku dagoela ematen du»
Gorka Menendez, ingurugiro zientzialaria
BINKE / 2019ko apirila
«Zientzia farmazia-interesen esku dagoela ematen du»
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
Ingurugiro Zientzietako karrera amaitzean, Gorka Menendez Bacetak (1986, Galdakao) tesia etnobotanikari buruz —landareen erabilera tradizionala ikertzen duen zientzia— egitea erabaki zuen. Bost urtez aritu zen Gorbeialdeko baserrietatik adinekoei elkarrizketa etnografikoak eginez eta sendabelarren inguruko datuak jasoz.
Medikuntza ofizialak gure beharrizan guztiak asetzen dituela uste duzu? Medikuntza ofizialak milaka lagunen osasuna kudeatu behar du eta horrek asko mugatzen du gutariko bakoitzarengan jartzen duen arreta. Ospitaleak normalean masifikatuak egoten dira eta askotan gu eroso sentitzea baino, modu efizientenean «konpontzea» helburua duten faktoriak dirudite. Gainera, gehienetan medikalizazio altua izaten da gaixotasun askori erantzuteko modu bakarra.
Ba al dago medikuntzan aurrerapenak lortu izanagatik ordaindu beharreko preziorik? Ezin da ukatu medikuntza ofizialak aurrerapen nabarmenak egin dituela. Kontua da ematen duela gaur egungo zientzia medikoa farmazeutiken interesen eta oro har interes kapitalisten atzaparretan harrapatuta dagoela. Horrek kolokan jartzen du eduki beharko lukeen izaera sozialaren funtsa; hau da, ongizate orokorrari erantzun beharra.
Zer ikas dezakegu baserrian erabiltzen zituzten sendabelarretatik? Medikuntza ofizialaren hutsuneak direla eta, jende askok terapia alternatiboetara jotzen du, eta gurean bereziki, euskal baserrira. Bertan erabiltzen zituzten sendabelar asko, gaur egun erabili ahalko genituzke eta eraginkorrak direnak. Beste asko medikamentu berrien iturri izan dira. Printzipio berriak topa genitzake sendabelar horietan. Baina herri medikuntzak ere bere mugak zituen eta jende ugari gaur egun osatzeko errazak diren infekzio eta gaixotasunengatik hiltzen zen.
Zelako eraginkortasuna daukate egun modan dauden terapia «alternatiboek»? Terapia horietako asko mistizismo hutsean oinarrituz gaixoen etsipenaz probesten dira. Bestetan, intentzio onarekin bada ere, tratamenduaren funtsa plazeboak osatzen du, eta hori ez da zertan txarra izan; osagai sinbolikoaren bitartez osatzen gaituela esan nahi du, psikologiaren bitartez. Askotan hobekuntza bat eman daiteke, baina gaixotasun gehienentzako horrek bakarrik ez du balio.