«Gorueta edo ardazketa», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2024ko urria
Behin urriraz gero, egunak laburtuz doaz eta gauak luzatuz. Gure baserrietan iluntzeak etxe barruko lanetararako aprobetxatzen ziran. Lanetariko bat, gorueta edo ardazketa zan eta gehienbat andrazkoen lana sutondo inguruan. Gorua zein ardatza, biak ziran haria egiteko, linoagaz zein artileagaz. Lan hau sukaldeko sutondoan egiten zan, normalean norbere etxaldean eta auzune handietan taldeka be bai inon diran kontu eta kantuei ekinez. Goazen kontu bat aipatzera. «Behin, goruetan ebilen andrazko bati, katu baltz bat agertzen ei jakon gauero. Senarrari kontatu eutsan eta hurrengo gauean senarra andra jantzita geratu zan goruetan. Bajatorko katu baltza eta badinotso: Zer? Gizona eta goruetan? Eta gizonak erantzun: katua eta berbetan? Hartzen dau surteko ilinti gori bat, jo katu baltza eta ospa egin eutsan alaurika. Hurrengo egunean auzoko bat aurpegia erreta agertu ei zan, danen harridurarako». Goazen kantura. Horra hor ‘Oi Pello Pello’ abesti Baxe Nafartarra, R.M. de Azkuek jasoa Cancionero Popular Vascon, Aita Donostiaren laguntzaz. Gaur egun, gorueta edo ardazketa galdu da baina abestia daukagu egintza hori gogoratzeko.