«Gotorlekua infernu bilakatzen denean», Yayone Altuna
Meraki
Yayone Altuna Charterina
BINKE / 2020ko ekaina
Gotorlekua infernu bilakatzen denean
Ekaitz berdina bai, baina ontzi desberdinetan ari gara honi aurre egiten. Konfinamendua osasun publikoa babesteko neurria da, baina pertsonengan duen eragina ez da neutroa izan, ez behintzat genero-ikuspegitik.
«Etxean geratu» lelopean ezarritako osasun-estrategiak, ahaztu egiten du etxea ez dela beti leku segurua neska eta emakumeentzat; izan ere, emakume askok 24 orduz bizi behar izan dute erasotzailearekin, euste lana eta bizirauteko estrategia berriak garatuz eta gainera, hau guztia, bakardade-sentimendu izugarriarekin; adineko emakumeen kasuan, zaurgarritasuna bikoitza da: gizarte matxista batean heziak eta sozializatuak —senarrarekiko obedientzia eta menpekotasuna gailenduz—, norbere osasunari buruzko pertzepzio okerragoarekin —batzutan, adin-sintomen atzean tratu txarrak ezkutatuz— eta inolako laguntza-sarerik gabe, arrakala, teknologikoaz gain, belaunaldikoa ere badelako. Argi dagoena da, krisi soziosanitario honetan, osasun arloan zentratzeaz gain, osasuna gaixotasun eza gisa ulertu dugula.
Pertsona adina konfinamendu egon dira; horiei guztiei erantzun bat eman behar zaie, eta horretarako beharrezkoa da: (1) epe luzeko genero-politika integral eta feminista baten alde egitea; (2) gazteak heztea, nagusitara arrastatutako motxila batekin irits ez daitezen; (3) lehen mailako arreta gaitzea indarkeria hautemateko; (4) ahalduntzean eta sentsibilizazio kanpainetan lan egitea eta azkenik, (5) estrategia berriak eta laguntza sareak ehuntzen jarraitzea.
Emakumeenganako indarkeriak, garaiko pandemiarik ikusezin eta ezezagunenetako bat izaten jarraitzen du, tamalez.