Gotzon Barandiaran: «Programazio kultural on bat ez da nahikoa kulturzaleak sortzeko»
Gotzon Barandiaran, kulturgilea
«Gaurko hezkuntza arautuan ez dago bermatuta kulturgintzaren transmisioa»
- Gotzon Barandiaran Arteaga
1974, Larrabetzu
Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziatua da Gotzon. Sei lan argitaratu ditu orain arte, poesia, nobela eta saiakera liburuak tarteko. Baina literatutan egindako sortzaile lanaz gain, eragile lanetan dihardu azken urteetan, besteak beste, Ahotseneako koordinatzaile izan zen —lan-taldean jarraitzen du—, Literaturia jaialdiko antolatzaile eta Bihotz Bakartien Klubaren zein Katamaloren partaide izan da. Orain Sormene plazarekin ere dabil.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Larrabetzuarra bihotzez, urte asko Galdakaora lotuta egin ditu Gotzon Barandiaran idazle, poeta eta kultur eragileak: Eguzkibegi Ikastolan eta Elexalde Institutuan ikasi zuen, futbolean ere bertan aritu zen, Barandiaran AEK euskaltegian irakasle urteak eman zituen eta hamazazpi urte izan arte Tximelarre Goikoan bizi izan zen, gurasoekin batera aitite-amamak jagoten. Orain, Galdakaorekin duen lotura hori Sormene jaialdia zuzentzen indartu du.
Zergatik sortu zenuten Sormene? Ordura arte Galdakaon egiten zan Liburu eta Disko Azokaren kanpo-azterketa bat egiteko eskatu euskuen Galdakaoko Udalaren Euskara Arlotik, azokaren gainbehera ulertzeko. Eta formula aldatzeko beharra ikusi genduan, ez baitago gaur egun Euskal Herrian euskarazko literaturagaz bakarrik hornituko eta errentagarria zein arrakastatsua dan azokarik, Durangokoa ez bada.
Zein da ba arazoa? Euskal Herrian ez dago euskarazko kulturzale nahikorik. Galdakaon, bez. Edo hobeto esanda, Galdakaon beste leku askotan baino askoz kulturzale gutxiago dagoana konturatu gara, oraingoz. Eta horregaitik kulturzaleak sortu behar dira. Hortik, marko teoriko baten baitan lanean hasi ginan aspaldi.
Eta Sormene marko teoriko horretan kokatu duzue? Hori da, bai. Eta lehenengo galderara bueltatuz, horregaitik sortu zan Sormene: aurretik diseinatutako marko teoriko bati erantzuteko.
Zertan dago oinarrituta marko hori? Euskarazko kulturzaleak sortzeko lau lan-ildotan dago oinarrituta: sormena sustatu behar da modu iraunkor batean, pertsonaren garapen integralerako ezinbestekoa dalako —eta sustapen hori hezkuntza arautuan zein ez-arautuan egin behar da—; plazak eskaini behar jakoz euskarazko kulturgintzari —plaza fisikoetan programatzen dan gehiengoa ez dalako euskaraz—; hobeto komunikatu behar dogu, gaur egun ez dogulako lortzen euskarazko kultur produktuak Euskal Herri osoko kulturzaleei heltzea —horretarako komunikabideekaz lan egitea ezinbestekoa da—; eta azkenik transmisioa bermatu behar da —gure kulturgintzaren historia eta oraina transmititu behar dogu, baina baita euskaraz sortzeko grina be—.
Eta guzti hori nork egin behar du? Lau ildo horiek bereizi ezinak dira eta ekosistema baten parte dira. Nortzuk gagoz ekosistema horretan? Zaleak, antolatzaileak —erakunde publikoak, herri mugimenduak eta enpresak—, hezitzaileak —ikastetxeko irakasletik hasi eta dantza, bertso, antzerki,… talde bateko irakaslean amaituta—, gurasoak eta komunikabideak gagoz. Eta danok gara gure kulturgintzaren arduradunak. Ba horreitako eragileren bat osasuntsu ez badago, ekosistema guztiak sufritzen dau.
Programazio kultural on bat ez da nahikoa? Hori oso hedatuta dagoan uste bat da, baina bistakoa da ezetz, ez dala nahikoa. Aurretik lanketa bat egin behar da. Alegia, zaleak zaletu egin behar dozuz aretoak bete ahal izateko.
Esatea polita da, baina zelan sortu ditzakegu kulturzaleak? Aipatutako lau lan-ildoak alkarregaz landuta. Baina ez da egiten. Gaur egungo hezkuntza arautuan, esaterako, ez dago bermatuta kulturgintzaren transmisioa eta ikasleei ez jakiez sormenerako aukerak eskaintzen.
Orain dabiltza baina EAEko Hezkuntza Legea lantzen. Egiten ari diran zirriborro horretan, adibidez, ez dago bermatuta euskal kulturgintzaren transmisioa. Eta horren aurrean, alkarrizketa hau argitaratu eta gitxira, Euskal Herriko kultur eragile asko jendaurrean agertuko gara Hezkuntza Lege horri proposamen zehatz bat egiteko. Proposamena egiteko, egingarria dala erakusteko eta horretan laguntzeko prest gagozala azaltzeko. Ezin momentuz gehiagorik aurreratu!
Eta guzti horri hizkuntza bera ere gehitu beharko genioke, ezta? Duda barik, euskaldunok gainera aldagai hori gehitu behar deutsagu kulturzaleak sortzeko erronkari: hizkuntza zapaldua, bere lurralde osoan ofiziala ez dana —nahiz eta «sorioneku» izan—, jazarria dana, erabaki politikoen ondorio gutxiagotua dana… noski, aldagai horregaz gainera ekin behar deutsagu erronka horri.
Ez da ba erronka makala! Ez, baina dana daukagu irabazteko. Gaur egun, maiztasunez kultura kontsumitzen dogunok 40.000 inguru gara, hiru milioi eta pikuko herrialde batean. Baina euskaraz jasotzeko gaitasuna milioi bat pertsona inguruk daukagu. Beraz, egin kontu: 40.000 kulturzale gara, baina milioi bat izan gaitekez! Bien bitartean, eta holan esaten dabe zenbait azterketek, euskaldunok gure kulturari bizkar emonda bizitzen jarraituko dogu.
Bueltatu gaitezen Sormenera. Zer du ekimen honek beste edozein jaialdik ez duena? Lehen aipatutako marko teoriko horregaz lan egiten dauala. Sormene ez da egitarau soil bat. Desberdindu egin behar diralako edukia eta egitaraua. Jaialdi gehienak egitarau bat dira, ahalik eta egitarau erakargarriena osatu gura dabenak. Guk be egitarau erakargarria osatu gura dogu, ados, baina guretzako horrenbesteko garrantzia dauka ikastetxeekaz egiten dogun lanak.
Ikastetxeetan modu iraunkorrean sormena ez lantzeak badu pertsonarengan kalterik? Zelan ez dau izango ba. Kultur adierazpide ezbardinak astero, demagun, landu ezkero ikastetxeetan, ikasleek pentsatzen eta sentitzen dabena ahoz azaltzeko erraztasun gehiago izango dabe. Eta holan ez bada be, irudiaren, bertsoaren, dantzaren edo beste kultur adierazpide baten bitartez adieraziko dau sentitzen edota pentsatzen dauana ikasle horrek. Eta horrek, zalantza barik, pertsona baten garapenean sekulako ekarpena egiten dau.
Norbere barrena husteko modua ere bada… Eta holan izan ezean, beste moduren baten irtengo da zure barruko indar hori, ziurrenik modu txarrean. Holan dabiz, beti existitu diran osasun mentaleko gaixotasunak areagotzen, gero eta bullying kasu gehiago egoten…
Ikasle eta, oro har, gazteen inguruan ari gara. Gurasoek ez al dute ardurarik seme-alaben kulturzaletasunean? Benetan be! Eta horrek izan beharko leuke biharko eguneko erronka be: zelan zaletu gurasoak. Zergaitik ez dira kulturzaleak? Zer transmititzen deutsie gurasoek seme-alabei? Noren esku uzten gabiz gure seme-alaben kulturea, pantailen esku?
Hein handi batean, agian, hezkuntzak euskalduntzen ez duela erakutsi dutelako? Izan leiteke, baina nigaz ikasi daben askok eta askok euskara maila oso ona daukie, euskaldun-euskaldunak dira… eta Sormenegaz daroaguzan hiru urteetan ez dot inor ikusi ikuskizun batera etorten. Eta danetarik izaten dogu: bertsoa, antzerkia, musika, marrazkigintza, zinemagintza… Ze transmisio bermatuko dabe euskarazko kultura kontsumitzen ez daben eta euren artean erdara hutsean dabizen gurasoek?
Egin dezagun berba zure inguruan. Sormenetik kanpo beste ekimen batzuk antolatzen ibiltzen zarelako buru-belarri, ezta? Bai, etenbako lana da hori. Ahotseneako lan-taldean jarraitzen dot, Larrabetzun hasi eta orain Zarautzen egiten dogun Literaturia jaialdian liburuen aurkezpenen ardura hartzen dot, «Literaturaz berbetan» Larrabetzuko irakurle taldea 18 urtean dinamizatzen nabil, «Domekak Hori Bain» kantaldi zikloa be antolatzen dot irailetik ekainera, Susa argitaletxeko kidea naz eta orain 17 urte sortu genduan Dijitalidadea enpresako kide be banaz, non euskara eta bere kulturgintzako lanak bakarrik egiten doguzan…
Zer gustatuko litzaioke izatea, eta ezin da izan, Gotzon Barandiarani azken aldian? Sortzaile. Idazten egon gurako neuke. Baina aipatutako saltsa guztiez gain guraso be banaz, eta nire orduak gure etxeko txikerren beharren arabera banatzen dodaz. Literatura idaztetik soilik inor ez da bizi Euskal Herrian, baina aukera izan ezkero, horretatik bizi gurako neuke.
Asko dira azken urteetan bueltan dauden musika taldeak. Noizko Katamaloren buelta? Katamaloren azken kontzertuan esan genduan independentzia lortzen genduanean itzuliko ginala oholtzara. Urte batzuetarako ba, gatx ikusten dot bueltatzea! (barreka) Ez deutsagu atea inoiz itxi, oso ondo amaitu gendualako. Baina egia da agur esan genduanetik 12 ume jaio dirala bidean…
Hortik ezagutzen duzu, akaso, Gorka Urbizu? Gorka lehenago ezagutu neban. Bera oso literatur zalea da, poesia be asko gustatzen jako… eta bera hurreratu jatan aspaldi Euskal Herria Zuzenean jaialdian
Eta hortik hasi zineten elkarrekin lan egiten? Alkar ezagutu genduanean Arrakalak nire poesia liburua modu musikatuan aurkezten aritu ginan, eta berak antzeko proiekturen batean gustura parte hartuko ebala esan eustan. Holantxik hasi ginan Katamalo taldeari forma emoten. Eta ostean, Berri Txarrak taldearen azken 15 urteetan komunikazio arduradun ibili naz. Holan ba, harreman estua daukagu.
Taldeen itzuleraz eta harremanaz ari garela, Hertzainak taldearen agurreko kontzertuetan ere bazabiltza, ezta? Deitu eustienean, ezin ezetz esan! Kontzertu hauen atzean gainera galdakoztar bat ere badabil, Javi Arnaiz. Hertzainaken kontzertu batera alkarregaz joan ginan, nik 17 urte nituala. Gerora be Josu eta Gari ezagutzeko aukera izan neban, eta gaur egun Josu lagun handia da. Zelan ba ezetz esan! Gure bizitzako soinu-banda emozionala da Hertzainak!
Zein izango da zure ardura kontzertu hauetan? Komunikazioan nabil, eta gonbidatuak koordinatzeko ardura izango dot, kontzertu horreitan ez diralako Hertzainakeko kideak bakarrik egongo oholtzan.
Gogotsu? Bai, oso! Lan handia da, baina erronka zoragarria. Gainera Hertzainaken despedidarako kontzertu hauek 70. hamarkadatik hona gure kantagintzan euskaraz kantatzeko hautua egin daben musikari horiek eskertzeko eta omentzeko baliatu gura doguz. Horregaitik oso musikari ezagunak izango dira oholtzan, belaunaldi, estilo eta izaera ezbardinekoak. Holan erakutsiko dogu zelan aldatu diran gauzak, baina zelan askok jarraitzen daben euskaraz kantatzeko hautua egiten. •