GRAFIKOAK | Jatorri atzerritarreko galdakoztarren egoera eta profila ezagutu
Migrazioa
BINKE / 2022ko otsaila
Jatorri atzerritarreko galdakoztarren egoera eta profila ezagutzera eman dute
GRAFIKOAK: Ikuspegiren diagnositik
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Espainiar estatutik kanpo etorritako 1.500 auzokide daude erroldatuta Galdakao udalerrian gaur egun, eta horien errealitatea zein iritziak ezagutzeko diagnosia egin du Ikuspegik Udalarentzat. Hemen batu ditugu zenbait datu, zerrendetan zein grafikoetan.
Galdakaoko eta Usansoloko biztanleria osoaren %6 atzerritar jatorrikoak dira gurean —«atzerritar», beti ere, espainiar estatutik kanpokoak hartuta, ez espainiarrak—. Zenbaki ofizialen arabera 1.500 lagun dira, zehazki, gurera etortzea erabaki zutenak. Bai erroldatutako horien zein oraindik erregularizatu barik daudenen egoera eta udalerri honen inguruan duten iritzia jasotzeko diagnosia egin du Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak.
Galdakaoko Udalaren enkarguz egindako diagnosi honetan jatorri atzerritar eta anitzeko 19 pertsona eta inguruan etorkinak dituzten sei bizilagun autoktono elkarrizketatu ditu Ikuspegik, iazko maiatzetik irailera bitarte. Elkarrizketa horiek aurrez-aurre egin dira, bai indibidualki zein taldean eta modu erregularrean zein irregularrean daudenak hartu dira kontutan.
Eta gehiegi luzatu barik, hauek dira gaurko prentsaurrekoan Nerea Orozko Udaleko Immigrazio zinegotziak eta Lia González eta Oier Ochoa de Aspuru Ikuspegiko ikertzaileek plazaratu dituzten zenbait datu interesgarri:
Datu soziodemografikoak
- Atzerritik etorritakoak gurean, 1998an 286 pertsona ziren (biztanleriaren %1) eta urtetik urtera esponentzialki hazten joan da kopuru hori 2012. urtera arte (1.225 pertsona erroldatuta, %4,2).
- Krisi ekonomikoaren ondorioz, 2012an hazkundearen kurba moteldu egin zen 2016 arte eta 2017tik aurrera %4,3tik gaur egungo %6ra igaro da. Ikusteke dago Covid-aren gaitzak joera horretan ere izango duen eragina.
- Jatorriari begiratuz gero, gaur egun, gurera etorritakoen %46,7 Latinoamerikatik dator, %24,4 Europar Batasunetik eta %15,1 Magrebetik.
- Generoaren ikuspegitik, bai Bizkaian zein Euskal Herri osoan gertatzen den bezala, datu-fluxuak emakume aurpegia du, gehiago direlako gurera datozen emakumeak (%52,3) gizonak baino (%47,7).
- Feminizatutako jatorri handienak Nikaragua (%84,5), Paraguai (%78,8) eta Brasil (%73,1). Magreb eta Pakistandik etorritako gehienak, aldiz, gizonezkoak dira.
- Populazioaren banaketan, adierazgarriak dira 15-19 urte bitarteko galdakoztar atzerritarrak, 152 gizon eta 46 emakume baitaude adin tarte horretan.
Bizilekua
- Jatorri atzerritarreko bizilagun gehien dituzten auzoak Elexalde, Bengoetxe eta Olabarrieta-Aperribai dira.
- Jatorri atzerritarreko galdakoztar gutxien dituzten auzoak Urreta eta Zabalea dira.
- Gurera etorritakoen egoera akademikoa ere aintzat hartu du diagnosiak, 2020-2021 ikasturtean jatorri atzerritarreko %99,4 ikastetxe publikoetara joan delarik. Ikastolan berriz, komunitate honen %0,6 baino ez da matrikulatu.
Lana
- 2021eko urtarrilean, 115 pertsona atzerritar zeuden langabezian, egoera horretan dauden herritar guztien %7,6.
- 2020ko urtarrilaren eta abenduaren artean, Galdakaoko atzerritarrek 716 lan-kontratu sinatu zituzten, eta joera goranzkoa dela diote SEPEren datuek.
- Lan-kontratuen gremioari eta generoari erreparatuta, diferentzia nabarmena da emakume eta gizonen artean. Hauek dira lanbiderik ohikoenak batzuentzat eta besteentzat:
- Gizonak:
- 1. Eraikuntzan espezializatutako jarduerak.
- 2. Ikus-entzunezkoen jarduerak.
- 3. Eraikinen eraikuntzak.
- Emakumeak:
- Etxeko lanak.
- Eraikinetako zerbitzuak eta lorazaintza.
- Janari eta edarien zerbitzuak.
- Gizonak:
Iritziak
- Galdakaori buruz, alderdi positibo zein negatiboen inguruko iritzi eta balorazioak egin dituzte. Hauek dira jasotako ekarpenak, labur:
- Onak:
- Bereziki herri lasai eta atsegina da, aglomerazio gutxikoa eta garbia.
- Oinarrizko azpiegiturak eta Bilborekin zein inguruko herriekin garraiobide onak dituen herria da.
- Giro sozialari lotuta, gatazka eza eta errespetuzko tratua nabaritzen da.
- Hobetu beharrekoak:
- Udalerri oso garestia da.
- Dinamika sozial klasista eta kulturalki kontserbadoreak dituen herria da.
- Bizitza sozial gutxi eta aisialdirako haur zein gazteentzako aukera gutxi dituen herria da.
- Askorentzat «lo egiteko herria» izatea handicap handia da.
- Onak:
Binkek aurreko lerroetan laburtutako puntuak aintzat hartuta, Galdakaoko Udala lau errealitate hauek konpontzen saiatu beharko litzatekela batzen du Ikuspegiren diagnosiak:
Lau erronka
- Galdakaok zerbitzu publikoak eta komunitaterako baliabideak baditu ere, zerbitzu eta baliabide guzti horiek koordinatuko dituen figura beharrezkoa da.
- Herritarren arretan lan egiten duten langile guztiei aniztasun kulturalean oinarritutako hezkuntza eskaintzeko beharra ikusten dute informatzaileek, kanpotik etorritakoei eskaintzen zaien zerbitzua ere egokia eta diskriminaziorik gabekoa izan daiten.
- Etxebizitzarako dituzten zailtasunak agerikoak dira, eta kasu batzuetan oso larriak dira. Horregatik, pertsona hauengan indar egitea beharrezko ikusten da.
- Etorkinen komunitatean, bereziki, kolektibo oso zaurgarriak dira migrazio prozesua bakarrik eta baliabide ekonomiko gutxirekin egin duten emakumeena eta kolektibo musulmanarena —are gehiago, hauen baitan, senitarteko barik bizi diren adingabeko eta gazteena—. Horregatik, zentzu hauetan esku hartu behar da.
Diagnosi hau «oso aberatsa» izan dela azpimarratu dute gaurko prentsaurrekoan Ikuspegiko ikertzaileek, eta lan hau oinarri hartuta Galdakaoko Udalak immigrazioari buruzko plana martxoan abiatuko duela iragarri du Orozko zinegotziak.