«Gurean» plataformak 175 saltoki batu ditu dagoeneko
Tokiko merkataritza online
BINKE / 2021eko maiatza
«Gurean» plataformak 175 saltoki batu ditu dagoeneko
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
«Gurean» plataformak honezkero Galdakaoko eta Usansoloko 175 zerbitzu, dendari eta ostalari batu ditu. Oraindik erregistroa bete ez duten saltokiak animatu gura izan dituzte gaur, eta herritarrei herrian kontsumitzeko dei egin.
Iazko azaroan aurkeztu zuten «Gurean», Galdakaoko denda, ostalari eta zerbitzu guztiak bateratu nahi dituen plataforma berria, eta dagoeneko sare honekin 175 saltokik bat egin dutela iragartzeko prentsaurrekoa egin dute gaur Santi Brouard enparantzan.
Aurkezpen horretan Garazi Camino, Javier Ibarretxe eta Diego Dominguez izan dira. Lehenengoa webgunea garatu duten enpresen izenean aritu da, bigarrena Galdakaoko Udalaren Sustapen Ekonomikoko zinegotzia da eta hirugarrena Dendari Elkarteko batzordekidea.
Plataforma digital hau «harrera bikaina» izaten ari dela kontatzeko batu dira gaur hiru erakundeetako ordezkariak, «herrigunean eta herritarrei arreta zuzena eskaintzen dagozan 300 negozio inguruetatik 175 diralako plataforma honetan sartuta dagozanak honezkero», azaldu dute —Bonodendetan, esaterako, 90 komertzio inguruk ematen du izena—.
Hala ere, izan ostalari, dendari zein zerbitzuetako enpresa, plataforman izena emateko aukerak zabalik jarraitzen duela azpimarratu dute gaur.
Horretarako, gureanerosi.eus webgunera sartu eta bertan erregistroa betetzea baino ez dago. Doakoa da izen-ematea eta saltoki bakoitzak gura duen informazioa sartu dezake bere fitxan, baita gura duenean berak aldatzeko aukera izan ere. Informazio horien artean, ordutegia, online salmenta, arretarako kontaktua, sare sozialak edota euskaraz ulertu zein hitz egiteko aukera duen ere batu dezake. Horrela, oraindik izena eman ez duten zerbitzu, ostalari eta dendariei dei egin diete gaurko ordezkariek, «ez baitago Dendari Elkarteko kide izan beharrik».
Sare honetan izena emateko laguntza behar duenak Behargintzara edo Dendari Elkartera deitzea baino ez du izango.
Herritarrei berriz, «erakusleiho erraldoi hau erabiltzeko» eta herrian kontsumitzeko deia egin diete: «Herri honetan baliabideak soberan daukaguz eta bertan kontsumitzeak bakarrik salbatuko gaitu». Erabilera erraza du webguneak, eta zazpi kategoriatan banatuta ikus daitezke, hala aukeratuz gero, bertan dauden enpresa guztiak.
Ezagutzera emateko ekintzak. Indartsu hasi den «Gurean» plataformaren berri herritarrei eman eta trafikoa bertara bideratzeko ekintzak egingo dituzte Galdakaon eta Usansolon, gaurtik hasita ekainaren 25era bitarte.
Izena eman duten komertzioen erakusleihoetan sarearen identifikagarri bat jarriko dute, webgunera bideratuko zaituen QR kode handi batzuk itsatsiko dituzte lurrean, sare sozialen bitartez zozketak egingo dituzte eta bariku honetan, maiatzak 28, plataformaren berri emango duten eskuorriak banatuko dituzte gurdi baten bidez.