Haizea Egiarte: «Neskek patioaren erdigunea hartzeko eskubidea dute»
Haizea Egiarte, ikaslea
BINKE / 2023ko urria
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Haizea Egiarte
Ikastetxeko kanpo espazioa eraldatu zuen Durangoko Kurutziaga ikastolak 2018an eta horren eragina ikertu du Haizea Egiarte usansolotarrak. Azterketa egin ostean hainbat ondorio atera ditu ikasleen arteko harremanen inguruan eta hauek ezagutu nahi izan ditu BINKEk.
Kanpo espazioa, alegia, patioa, eraldatu zuen Durangoko Kurutziaga ikastolak 2018an futbolzentrismoaren bukatu eta naturari garrantzia gehiago emateko, besteak beste. Aldaketa hauek ikasleengan izan duten eragina aztertu du Haizea Egiarte usansolotarrak, Asier Huegun izan duela lanaren zuzendari moduan. Neskek hartu duten protagonismoa nabarmendu du, eta baita naturarekin harremanetan egoteak txikiengan duen garrantzia ere.
Zergatik da garrantzitsua kanpo espazioa eskoletan? Eskolako kanpo espazioa beti ikusi da atseden hartzeko leku bat moduan, eta ez hezteko edo irakaskuntzarekin jarraitzeko leku bat moduan. Umeak egunero irtetzen dira eskolako patiora eta hauetan hainbat irakaspen gertatzen dira. Kanpo espazio egoki batek umeen autonomia, psikmotrizitatea, irudimena… garatzeko aukera ematen du. Horregatik garrantzitsua da hauen inguruan hausnarketa egitea irakasleak garen heinean, kanpo espazioa gure metodologia edo irakaskuntzan sartzeko. Erabilera hezitzailea eman beharko genioke espazio honi baita.
Zeintzuk dira Durangoko Kurutziaga ikastolaren kanpo espazioan egindako aldaketa nagusiak? Diseinu berriaren helburuetako bat futbol edo kirol zentrismoarekin apurtzeaz gain, eremu ez determinatuak garatzea zen. Hau da, eremu desberdinak sortu, naturalak, zabalak… ekintza edo jolas zehatz bati lotuta ez daudenak. Natura eta hezkidetza kontuan hartuta, jolastoki berrian hainbat landa, zuhaitz eremu, mendixkak, hareatza, erreka, tirolina, jolasteko eremu berriak… sartu dira umeak lasai egoteko.
Espazioen izenak ere aldatu dituzte. Bai, honekin izenak ekintza ez bideratzea bilatu dute. Azken finean eremu bakoitzari izen bat jartzerakoan mugimendua mugatzen da, hau da, umeek gune horrek duen jolas edo ekintzaren izen horrekin identifikatuko dute.
Zein ondorio izan dituzte aldaketek ikasleengan? Espazio aldaketak harreman berriak sortu ditu, izan ere jolasteko aukera berriak eskaintzeak umeek gauza berriak aukeratzeko grina esnatu du. Futbola errege zen lekuan bestelako jolas eta aukerak eskaintzeak ahalbidetu du jolas berrietan elkarrekin aritzea. Orain gehiago ikusten dira neskak eta mutilak batera jolasten, eta adin desberdinetako haurrak elkarrekin ere: nagusiak txikiak lagunduz, txikiek beren irudimena handiei kutsatuz… Gainera elkar zaindu eta laguntzen dira.
Futbolzentrismoaren bukaerak neskak erdigunean jarri dituela adierazi duzue ikerkertan. Eredu tradizionaletan futbol zelaia da jolastokiaren jaun eta jabe eta honek ekartzen du mutil gehiengoa erdigunean egotea eta neskak bazterretan egotea. Honek, neskek bere lekua periferia dela barneratzea ekartzen du, eta hori ez da zoriz gertatzen, gure gizartearen isla baitira jolastokiak. Jolastokiaren espazio banaketan gertatzen ziren desorekak apurtzeko egin diren aldaketek ordea, neskek erdigunea hartzea ahalbidetu dute. Neskek eskubidea dute erdigunea hartzeko.
Naturari garrantzia handiagoa eman diote ere Durangoko eskolan. Nola eragin du honek? Natura eremu berriak jolastokian sartzeak, naturarekiko harremana handitzea eta sendotzea ahalbidetu du. Naturarekin harreman zuzena izateko aukera dute orain eta umeengan, batez ere Haur Hezkuntzako ikasleengan, esploratzeko eta esperimentatzeko grina piztu da.
Zein erantzun izan dute gurasoek aldaketen aurrean? Euren hasierako diseinu berrian futbol zelaia ez zen inondik agertzen, eta horrek zenbait gurasoren ezinegona piztu zuen. Hala ere, egun oso pozik daude aldaketarekin.
Kurutziaga ikastolak eredu berri baten bidea zabaldu du? Ezin dut baieztatu Kurutziagak eredu berri bat ekarri duenik, baina egia da gero eta hausnarketa gehiago egiten ari direla zenbait ikastetxeetan, eta adibidez gure eremu hurbilean ere aldaketa horiek ikusi daitezke, adibidez Zaratamoko eskolan. Gainera, herriko haur-parkeetan ere, orain elementu desberdinak ikusten dira: tirolinak, lurrean margoztutako jolasak, landak…
Bide luzea gelditzen da hala ere. Bai. Egia da oraindik futbolzentrismoan oinarritutako eta helduon begiradetatik sortutako hainbat jolastoki eta parke daudela, baina behintzat honen inguruan hausnarketa zabaldu da. Uste dut etorkizun batean eredu tradizional honekin apurtuko dela, eta espero dut eskola publikoek ere horrelako jolastoki natural eta anitzak izateko aukera izatea. •