Haizea Roldán galdakoztarra La Voz telebista saiora itzuli zen
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Atresmedia
Orain bi urte Antena 3 telebista-kate espainiarreko La Voz Kids lehiaketan aritu zen Haizea Roldán galdakoztarra, eta irailaren 30ean helduen bertsioan saiatu zen, baina haurren saioan izandako zorterik ez zuen izan. Zer gertatu zen platoan?
Haizea Roldánek 18 urte ditu eta Galdakaoko da. Abeslari fina da eta jardun horretako jauzi publikoa Espainiako Antena 3 telebista-katearen lehiaketa batera aurkeztuta egin zuen, 2020an bere talentu musikala «La Voz Kids» saioan probatzea erabaki zuenean. Orduan, epaimahaia limurtzea lortu zuen, eta Melendi abeslariaren taldean parte hartu zuen; harekin batera, gudu-faseraino iritsi zen —«fase de batallas» deitzen diotena gaztelaniaz—. Adin nagusitasunera iristean, herrikidea programara itzuli zen irailaren 30ean, oraingoan helduen bertsiora.
«Esperientzia berriz bizitzeko ilusio handia dut», onartu zuen kameren aurrean Roldánek. Txikitan baino lotsa gutxiagorekin, galdakoztarra esperientzia gehiagorekin itzuli zen eszenatoki nagusira. «La Voz Kids-en egon nintzenetik, eskolan, jaialdietan, nire auzoko jaietan abesten jarraitu dut», zioen gogotsu.
«La despedida» kantua izan zen Haizeak aukeratu zuen gaia, baina oraingoan ez zuen epaimahaia emozionatzea lortu; epaileetako batek ere ez zuen buelta eman. Ez zuen zorterik izan. «Oso esperientzia gutxi dut», adierazi zuen Haizeak, lotsa apur batez. Hala ere, «ez dut arrazoi berezirik izan buelta ez emateko» esan zuen Pablo López abeslari eta epaimahaiko kideak, «agian abestia izan da; baina oso ausarta izan zara eta 18 urte izanda berriz bueltatzeko astia duzu! Zu entzuteak merezi du», azpimarratu zuen Lópezek.
Abesti hori zergatik aukeratu zuen galdetu ziotenean, Haizeak horrela azaldu zuen: «Abesti honek nire birramona gogorarazten dit. Beste genero mota batekin ausartu naiz, eta ingelesez hobeto abesten badut ere, aldatu nahi nuen», argudiatu zuen. Laura Pausini kantari italiarra zuzenagoa izan zen bere balorazioa egiterako orduan: «Nik asko estimatzen dut gaztelaniaz abesten duen jendea, ingelesez abestea batzuetan errazagoa delako. Baina orain zure birramonaren istorioa kontatzen eragin didazun zirrara ez dut sentitu kantatzen ari zinela». Eta galdakoztarrak asko eskertu zuen aholkua eman zion Pausinik: «Nire gomendioa ez da alderdi teknikoenean lan egitea, abesti hauek ez daudelako zentzu horretan ondo kantatuak izateko eginak, negarra eragiteko baizik».
Ikuskizuna utzi aurretik, Haizeak bere izenak euskaraz zer esan nahi duen kontatu zien epaimahaikideei, eta Pablo Lópezi berarekin bikotean abesteko eskatu zion. Musikagileak pozarren onartu zuen eta «Te espero aquí» abestu zuten biek zuzenean, platoan eserita. «Oso gustura noa. Oraindik bide luzea daukat aurretik, eta horrek asko ikastea ekarri dit», adierazi zuen galdakoztarrak agur esan aurretik.