«Harjoa»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2020ko ekaina
Gure esaera batek hauxe dino: «Kandelario eta San Blasetan denpora epela baino, otsoa ardi artean hobe». Beraz, garai horretan hotz egin behar dau naturaren legean. Aurten eguraldi onegiak egin deuskuz tertzio horretan eta landare zein arbolak lore eta orrira etorri jakuz sano goiz. Ondorioak ondorio, bagileraz gero, hasierako lorerik harako garauak hazkai bidean barruntetan doguz. Baina garau horreik kanpotik zindo itxura euki arren, barruan harjoa daukie sarritan, lore denpora aurreratuan harrak jo eta mamarro hori haziz doalako fruituaren barruan. Harjoa, fruituetan ez eze, arbola eta abarretan be ikusten da nahinon. Gure basoetan erreskan ikusten dira gaztaina-harroak, haretx-harroak eta fruta-arbola zaharretan be antzera. Etimologia arlora joanik, «har = mamarro + jo = atakatu, eta hortik > harjo». Behin horraz gero, «harjo > harro» bilakatu da, Koldo Mitxelenaren ustez. Kalifikatibo zentzura bagoaz, pertsona harroak be barrua harrak jota dauka kanpotik zindo itxura emon arren. Horregaitik, aparientziekaz kontuz. Zeozergaitik daukagu beste esaera hau be: «urlia, laratzu baltzak ezagutuko dau», hau da, eguneroko jokabideak.