Euskal Herrian espetxea, erbestea edota deportazioa pairatu duten emakume zein gizonezkoen gizarteratzean laguntzeko helburua duen Harrera Elkarteak hitzaldia eskainiko du bihar, azaroak 14, Txapelenan.
Harrera Elkartea 2012an sortu zen espetxea, erbestea edota deportazioa hamarkadetan jasan duten pertsonen bergizarteratze prozesua indartzeko helburuz, eta ildo horretatik lan egiten jarraitzen du ordutik.
«Garaiak aldatzen diren bezala, beharrak ere aldatzen dira. Orain gutxi arte, dispertsioak eragindako gastuei aurre egiteko laguntza eskatzen zen moduan, egun urteetan euren etxeetatik kanpo egon diren emakume zein gizonen beharreri erantzutea dagokigu», azaldu du elkarteak.
Eta honen inguruan hain zuzen arituko dira barikuan Usansolon, Txapelena baserrian elkarteko kideek 19:30ean eskainiko duten hitzaldian.
«Pertsona hauetako asko eta asko jubilazio aukerarik gabe iristen dira euren etxeetara, batzuk etxebizitza edo babes sarerik ere ez dute, beste zenbaitek osasun arazoak pairatzen dituzte. Harrera, banan-banako interbentzioa, banan banako jarraipena eta laguntza eskaintzen saiatzen da eta guzti hori egiteko guztion laguntza ezinbestekoa da» nabarmendu dute: «Egoera guzti hauen berri zuzenean izan eta askatasunerako bidean ditugun aukeren berri izateko Usansolon antolatu dugun hitzaldira gonbidatu nahi zaitugu».




