Harrietentzako handbike bat eskuratzeko erronka lortu du Galdakaoko Txirrindulari Gelak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak mugikortasun arazoak dituen Harriet Ormazabal umearentzat handbike bat erosteko erronka solidarioa antolatu zuen pasa den zapatuan. Lau jarduera jarri zituzten martxan eta guztira 20.490 euro batu zituzten, helburua lortuz. Erronkaren inguruko xehetasunak batu ditugu albiste honetan.
Pasa den asteburua berezia izan zen galdakoztarrentzat. Batetik, Mozoilo Eguna ospatu zen barikutik domekara, adin guztietako ekintzekin. Bestetik zapatuan, Mozoilo Egunaren barruan, Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak ‘Handbike bizikleta bat’ erronka solidarioa antolatu zuen.
Erronkaren helburua mugikortasun arazoak dituen Harriet Ormazabal umearentzat handbike bat erosteko dirua biltzea zen eta horretarako lau ekintza antolatu zituzten: ‘Everesting’ igoera, El Viverora igoera herrikoia, umeentzako ginkana Ardanza parkean eta spinning saioak.
Hainbat eta hainbat galdakoztarrek parte hartu zuten ekintzetan eta helburua 15.000 euro batzea bazen ere, askoz gehiago eskuratu zuten jendearen eskuzabaltasunari esker. Zehazki, 20.490 euro batu zituzten guztira eta horregatik Gelak herritarren babesa eskertu du. «Izugarria izan zen, ez genuen erantzun hori espero, herri mailan ere benetan egun polita igaro genuen!», azaldu dio Binkeri Alvaro Sordok, Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelako kideak.
Diru honi esker Harriet Ormazabali handbike bat erosi ahal izango diote, bere ezaugarrietara moldatzen den bizikleta bat alegia. «Gelan umeekin entrenamenduetan egiten ditugun ariketak lantzeko handbike bat nahi dugu, bera ere taldekoa delako. Taldean gaudenok bakoitza ahal duen ekarpena egiten saiatzen ari da. Gelan dauden umeentzako ere oso aberazgarria izaten ari da proiektu hau», adierazi du Sordok.
Handbike honen ezaugarriei dagokionez, mendian ere ibiltzeko handbike bat egin nahi dute, parkean edo lauak ez diren errepidetan ibiltzeko aukera bilatuz. «Horretarako, ingeniari batekin eta handbikearen atal ezberdinak egiteko enpresa ezberdinekin lanean ari gara: txirrindulak sortzen dituzten enpresak, fibrazko moldeak egiten dituztenak, amortiguadoreak sortzen dituztenak, karbono-zuntzean adituak direnak…», azaldu du Sordok.
Prozesu luzea izango da baina pixkanaka-pixkanaka egiten joatea espero dute: «Dimentsioak horren txikiak dira, edozer gauza egiteko estandarretatik aldentzen gaituen proiektua dela. Erronka handia da parte hartzen ari diren guztientzako, baina oso proiektu motibagarria ere bada».