Hasi dira Hauspotu zerbitzura lehenengo mezuak iristen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Hizkuntza-eskubideak bermatzeko sortutako Hauspotu zerbitzuak jaso ditu honezkero lehenengo mezuak. Kexak, iradokizunak edo zorion mezuak bidali daitezke.
Hizkuntza-eskubideen alorrean lan egin gura duen Hauspotu egitasmoa aurkeztu zuten Galdakaoko Udalak, Bagabiz euskara elkarteak eta BINKE hedabideak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusiaren baitan.
Ordura arte herritarren batek hizkuntza-eskubideen urraketa baten aurrean zerbait salatu edo iradoki nahi bazuen Elebide eta Behatokia zituen eskura eta ordutik Hauspotu izan du ere. Protokoloak bi aukera eskaintzen ditu urreketak salatzeko:
Norbaitek zerbait komunikatu nahi izanez gero 680743211 BINKEren telefonora idatzi edo audioa bidal dezake WhatsApp edo Telegram bidez. Bide hau anonimoa da eta ondorio informatibo hutsa izango du. Kontsultak, iradokizunak eta esker onak adierazteko bidea da hau.
Kexa formala jartzeko gure webgunean ahalbidetu dugun formularioa bete beharko da (behean dago QR kodea). Ondoren Euskara Arlora bideratuko da, bertan izapidetu ahal izateko. Kexak, kontsultak, iradokizunak eta esker onak adierazi ahal izango dira bide honetatik.
Honezkero heldu dira herritarren lehen kexak eta jabari publikoarekin erlazionatutako bi batu dira. Batetik, auzo bateko jaietan bozgorailuaren erabilera gaztelaniaz bakarrik izan dela salatuz eta bestetik, hauetan jardueren kartelak gaztelaniaz bakarrik jarri direla adieraziz.
Udal-zerbitzuari lotuta aldiz hiru kexa heldu dira, garraioaren informazioa eta kirol ikastaroak gaztelaniaz bakarrik eskaini direla azalduz, eta administrazio telematikoan euskararen kalitatea salatuz.
Bestalde, bi iradokizun jaso dira udal kirol ikastaroak euskaraz ere eskaintzeko eta udalerriko establezimendu batean oharrak euskaraz ere jartzeko. Halaber, establezimendu batean euskararekiko izandako abegi ona heldu da Hauspotu zerbitzura.
Jasotako mezuekin protokoloa jarri da martxan: eskabidea aztertu da, erantzuna adostu da eta hirugarrenari erantzunaren berri eman zaio, «betiere modu eraikitzailean».