
Herri galdeketa egingo dute Usansolon, Metro geltokiaren proiektuaren inguruan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Encuestas Rápidas
Geltokia Erdigunean plataformak herri galdeketa antolatuko du Usansolon urriaren 5ean, Metro geltokiaren proiektuaren inguruan. Kontsulta ez da loteslea izango, «baina berme guztiak izango ditu eta bozkatzeko hiru aukera eskainiko ditu».
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zutenetik, honen kontra agertu dira usansolotarrak eta hainbat mobilizazio egin dituzte, batez ere Geltotkia Erdigunean plataformaren ekimenez, herriaren erdigunean metro bat ezartzea eskatzeko.
Orain beste pauso bat eman du plataformak eta herri galdeketa antolatuko duela iragarri du. Urriaren 5ean izango da eta kontsulta loteslea izango ez den arren, berme guztiak izango ditu, erroldaren egiaztatzea eta kanpoko egiaztatzaileak, besteak beste.
Egungo tren geltokia kentzearen ondorioz herritarrentzat eskaintzen diren tren-konexio alternatiben inguruan izango da galdeketa eta hiru aukera bozkatu ahal izango dira: bi Metro geltoki ezartzea, bata Usansoloko erdigunean eta bestea ospitalean; Metro geltoki bakarra ospitalean ezartzea eta 500 metroko tunela egitea erdigunearekin lotzeko; edo Metro geltokia bakarra ospitalean ezartzea eta lanzadera jartzea bidegorrira.
Usansoloko udalbatzak atzo egindako osoko bilkuran onartu zuen galdeketa, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bitartez, Geltokia Erdigunean plataformaren ekimenez. «Usansoloko tren geltokia kentzeak ezinegon eta kezka handia sortu du udalerriko herritar guztiengan. Azpiegitura hori galtzeak eragina izango du eguneroko mugikortasunean, garraio publikorako sarbidean eta, ondorioz, gure bizilagunen bizi-kalitatean», adierazi dute mozioaren testuan.