Herri «jasangarriagoa» egingo duen Hirigintza Plana aldatuko da 28 urteren ostean
Hiri Antolaketarako Plan Orokorra
BINKE / 2021eko ekaina
Herri «jasangarriagoa» egingo duen Hirigintza Plana aldatuko da 28 urteren ostean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Orain arteko Hiri Antolaketarako Plan Orokorrak Galdakaoko «lurraren okupazio urbanizagarria bikoiztea helburu» bazuen, 1993tik eguneratu ez den hiringintzako plan berriak «genero ikuspegia, hizkuntza eta jasangarritasuna» kontuan hartuko dituela iragarri dute gaur Iñigo Hernandok eta Asier Egiraunek.
Hiri antolaketarako azken plan orokorra 1993. urtean onartu zuen Galdakaoko Udalak. Garai hartako plan horrek «populazioaren hazkundea zeukan oinarri» eta erabat «espansionista zan, ez zan bat ere jasangarria», esanez hasi du gaurko aurkezpena Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak. Horregatik, «plan barri honek herriaren sustraiak mantendu gura dauz eta industriari jagokon lekua emon» gura diola esan du lehenengo edilak 28 urte ostean egingo den Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPOaren) lehenengo aldaketak.
«Oso herri gutxi dagoz hain HAPO zaharkitua daukienak, eta gure herriak merezi dau aldaketa bat bere antolaketan», adierazi du alkateak. Aldaketa hori, baina, «berdeguneak eta eraikin historikoak mantenduz» egingo dela iragarri du. Horretarako, eta «orain arteko planak lurraren okupazioaren bikoiztea helburu bazeukan be, ‘Bisturi hirigintza’ izenez ezagutzen dan kontzeptuagaz egingo dira aldaketa horreik», azpimarratu du Arriandiagak.
‘Bisturi hirigintzaren’ oinarria orain artekoaren kontrakoa dela argitu du Asier Egiraun Hirigintzako zinegotziak: «Azken HAPOagaz ikusi dogu gure herriko eraikin historiko asko zelan bota dabezan, baina plan honegaz dagoan hori mantenduta aldaketa txikiak egingo doguz». Plan hau, gainera, Galdakaoko Udal Gobernu berriak aurkeztu zituen 100 konpromiso horietatik kanpo dagoela helarazi du Egiraunek. Hori bai, azpimarratu gura izan du zinegotziak: «Gobernu inaktibo bat ez litzake horrelako aldaketa bat ekartzera ausartuko».
Segregazioa eta Gorosibaiko lantegia. Alkateak eta zinegotziak Galdakaoko udaletxean aurkeztu duten hau «generoa, hizkuntza eta ingurugiroa aintzat hartuko dauan Hiri Antolaketarako Plan Orokorra izango da, Ibaizabalen berbideratzearekin lotuta plangintza hidrologikora egokituko dana eta N-634 errepidearen ingurua atseginagoa egingo dauana zeharkale bat bilakatuz, besteak beste».
Aldiz, HAPO honen eguneratzeak orain arteko planak indarrean izan dituen ezaugarri batzuk mantenduko dituela baieztatu diete hedabideei Arriandiagak eta Egiraunek, prentsaren galdera zehatzari erantzunez. Esaterako, «HAPO honek Usansoloren segregazio posible bati ateak zabalik uzten deutsoz, 93koak egiten eban bezala (…) eta Gorosibaiko EEH lantegia leku horretan ezartzeari ateak ixten deutsoz bardin-bardin», argitu nahi izan dute gaurko aurkezpeneko udal-ordezkariek.
«Populazioaren hazkunderik ez da emon orain hamarkada askotatik, eta beraz, orain herri jasangarriagoa eta herritarren bizi kalitatea hobetuko dauana» egitea dagokiela nabarmendu du Arriandiagak, «eta ez orain arte bezala gune berdeak lurzoru urbanizagarri bihurtuz», gaineratu du Egiraunek.
Bide horretan, herritarrek ere «zeresan handia» izango dute. Bada, ideia nagusiak argi badituzte ere, aurrekontu parte hartzaileen ostean —datarik ez dute zehaztu oraindik— «Hiri Antolaketarako Plan Orokor hau diseinatzeko ekarpenak jasotzen hasiko gara herritarren artean», iragarri du alkateak.