Herritarrek sufritutako eskubide urraketen testigantzak jaso gura ditu Galdakaok
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
«Memoria osoa berreskuratzeko», galdakoztarrek eta usansolotarrek 1936tik gaur arte sufritutako giza eskubideen urraketen testigantzak jaso gura dituzte Galdakaoko Udalak, bere osotasunean, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Horretarako, Oroimen Bulego bat, helbide elektroniko bat eta telefono bat jarriko dira herritarren eskura.
Galdakaoko Udalean ordezkatutako alderdi guztien adostasunarekin aurkeztu dute gaur, ekainak 23, datozen bi urteetarako Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatutako beharra: 1936tik gaur arte, galdakoztarrek eta usansolotarrek pairatutako eskubide urraketen testigantzak jasotzea, «memoria osoa berreskuratu eta gure herrikideek sufritutako errealitate guztiei izen-abizenak jartzeko», azaldu du Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak.
«Gerra Zibiletik hona errealitate tragiko asko sufritu dabez galdakoztarrek, eta giza eskubideen urraketa guztien barri jaso» gura du Udalak, Arriandagak alderdi guztien babesean adierazi bezala, «memoria osoa berreskuratzeko». Horretarako, Aranzadi elkarteko Javi Buces historialariak udaletxean azaldu duen bezala, «bi ikerketa paralelo egingo doguz: Francisco Franco diktadore espainiarra hil artekoa batetik, eta diktadura ostetik gaur artekoa bestetik».
Mota guztietako giza eskubideen urraketen testigantzak jasotzeko irailean bulego bat zabalduko dute Galdakaon, eta oraindik zehazteko badago ere, astean bi tartetan zabalik egongo dela aurreratu du Bucesek. Hilabetez egongo da Oroimen Bulegoa deituko diotena zabalik baina, nahi duenak, idatziz zein telefonoz ere helarazi ahalko dio Aranzadiri bere lekukotasuna —hilabete horretan zein irailetik kanpo—:
Zure testigantza egiteko:
943 466 142
memoria@aranzadi.eus
Lekukoen konfidentzialtasuna «erabat» bermatuko dela esan du Aranzadiko kideak, «eta lekuko bakoitzak aukeratuko dau bere izen-abizenak argitara eman ahal izango dogun edota, batzutan gertatu ohi dan bezala, bera hil ostean argitaratu ahal izango dogun». Baina garrantzitsuena pairatutako eskubide urraketa hori orain kontatzea dela azpimarratu dute gaurko udaletxeko aurkezpenean, «dokumentatzen ez dana existitu ez dala emoten daualako bestela».
Ikerketa historiko eta antropologiko hau artxiboetan arakatuz eta testigantzak jasoz osatuko dute, baina elkarteak ez du indusketarik egitea aurreikusten, «ez bada, testigantzen bitartez, deskubritu bako fosaren baten barri jasotzen dogula». Orduan bai, Aranzadiko beste talde batek hartuko luke gorpuak aurkitzeko eta identifikatzeko ardura.
Oroimen Bulegoaren kokapen eta ordutegiaren berri uda ostean emango du Galdakaoko Udalak, eta orduantxe egingo dituzte herritarren aurreko aurkezpenak, «egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean, lehenengo egia zein izan zen jakin behar dogulako».