«Hitzen pisua», Yayone Altuna
Meraki
Yayone Altuna Charterina
BINKE / 2020ko abendua
Hitzen pisua
Zenbatetan entzun, ikusi edo irakurri dugu gustuko ez dugun zerbait? Iraingarria iruditzen zaigun adierazpen bat? Gero eta gehiago dira sare sozialen bidez, haien «iritzia» emateko aprobetxatzen duten pertsonak; askok gainera, gaizki ezagutzen den adierazpen eskubidearen babespean jarduten dutela uste dute, berau mugagabea balitz bezala; globalizazioari eta «biralen» gizarteari esker, klik baten kolpera dugu, mezu bat milaka pertsonarengana iristea. Tamalez, azken garaiotan —historiako beste krisi momentu askotan legez—, areagotu egin dira diskurtso intoleranteak dituzten gizarte-taldeak edo alderdi politikoak, bizikidetza eta errespetu-balioak zalantzan jartzen dituztenak, eta nabarmenago geratu da «gorroto-diskurtsoa» delakoaren arriskua.
Adierazpen askatasunak ez al du mugarik? Erantzuna, nire ustez, garbia da: BAI.
Ez da eskubide absolutu bat; beste batzuen eskubideak urratzen dituen unean, iritzi edo adierazpen hori, irain, kalumnia, ohorearen kontrako delitu zein gorroto delitu bihur daiteke.
Giza duintasunaren errespetuan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi badugu: (1) Inor ez da gorrotatzen ikasita jaiotzen; Has gaitezen pertsona guztien tolerantzian, hezkidetzan eta bizikidetzan hezten, bakoitzaren jatorria, sexua, arraza, etnia, sexu-orientazioa edo sinesmenak errespetatuz; (2) Izan gaitezen kritikoak «gorroto diskurtsoekin» —salatu—; (3) Ez gaitezen mezu homofobo, xenofobo, misogino edo mingarrien bozgorailu izan —ez partekatu, ez erantzun—.
Hitzen pisua beraien adimen emozionalaren arabera neurtzen dela diote; zenbat pisatzen dute zureek?