Ibon Hernando: «Goya sarietarako hautagaitza onartu deuskue»
Ibon Hernando, zinemagilea
BINKE / 2021eko uztaila
«Goya sarietarako hautagaitza onartu deuskue»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Ibon Hernandoren artxibotik
Andaluziako Diversia ikus-entzunezko txapelketaren lehen saria irabazi du Ibon Hernandok (Galdakao, 1990) bere Colada laburmetraiarekin. Urteak daramatza Madrilen bizitzen, telebistarako lanenan.
Zorionak lehen postuagatik, Ibon! Laburrean, saritutako laburmetraiaren laburpen txiki bat egiterik bai? María bere auzokideaz maitemindurik —erderaz Colada— dago. Konkistatu gura dau, baina etxeko patioan bakarrik alkartzen dira, arropak —Colada— eskegitzean. Colada-n pertsonaiek ez dabe berbarik egiten, arroparen bitartez komunikazioa sortzea interesgarriagoa iruditu jatalako. Horregaitik, laburmetraiko gainontzeko departamentuek —jantziak, soinua, musika, kolorea, makillajea…— berba egin behar eben, aktoreen dialogo falta
hori indartzeko.
Zein unetan erabaki zenuen zinemagintzara salto egitea? Betidanik izan dot zinemagintzarako grina, baina zaletasun hau areagotu zan umetan gurasoek bideo kamara bat oparitu eustienean. Euskadin ikus-entzunezko ikasketak egin nebazan eta Madrilen zine zudendaritza eta fikziozko telesailen inguruko masterrak. Zine eskolan neure esperientzia ez zan oso ona izan. Proiektua aurkeztu nebanean, tribunalaren iritzi ezkorrak desmotibatu egin ninduan, honetarako ez dodala balio aditzera emon eustielako. Horregaitik, zine arloa hainbat urtez aparkatua izan dot, 30 urtegaz Colada laburmetraia egitera animatu nazen arte.
Hau izan da egindako lehen lana? Colada neure opera prima da, ekipo tekniko eta artistiko profesional bategaz eginda. Aurretik egindako ikus-entzunezko lanak klaserako edo proiektu amateurrak izan dira, baina oso baliogarriak, guztietatik etekina atara dodalako eta hortik ikasi dot. Ekinez ikasten da.
Zer eskaintzen dizu zinemagintzak, gainontzeko arte edo zaletasunen aldean? Zinemagintza oso arte konpletoa iruditzen jat: pintura, musika, idazmena eta argazkigintza elkartzen ditualako. Buruan daukadan ideia bat gidoi batean azaltzea eta gero paperean dagoen hori ikus-entzuezko lan batean bihurtzea, prozesu zirraragarria iruditzen jat. Ikaragarri disfrutatzen dot, batez be, buruan daukadan ideia horrek eta filmatutakoak bat egiten dabenean.
Euskarari dagokionez, zein erronka ditu euskal-zinemagintzak egun? Pelikula bat ataratzea erronka handi bat da edozein hizkuntzatan, are gehiago hizkuntza minoritario batean. Gainera, gaur egun, hainbat streaming plataformekaz, zinema aretoak hutsituz doaz. Konpetentzia izugarria da. Dana dala, harritu egin nau estatu mailako festibaletan horrenbeste euskal laburmetrai ikusteak, hainbat euskal zinemagile geure ama hizkuntzan filmatzen. Hauek izango dira euskal zinemagintzaren oinordekoak.
Aurrera begira, zeintzuk dira zure erronkak? Pelikula bat filmatzea gustatuko iatan, eta horretaz bizitzea. Badakit erronka zaila dala. Horregaitik, neure B plana telebistan lan egitea da eta horretan jarduten dot gaur egun. Bien bitartean, Colada hainbat festibaletatik mugitzen nabil nahiko arrakastagaz. Goya sarietarako 2022ko kandidatura be onartu deuskue. Ia zortea daukagun eta nominatzen gaituen! Film luze baten gidoia be idatzi dot eta lehiaketa batera aurkeztu. Erantzunaren zain nago. Hainbat lanetan murgilduta nago, itxaropena galdu barik, neure helburua lortzeko asmoz.