Igor Anton: «Harro sentiaraziko gaituen bidegorri bat sortzen saiatuko gara»
Igor Anton, txirrindulari ohia
BINKE / 2019ko urria
«Harro sentiaraziko gaituen bidegorri bat sortzen saiatuko gara»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Bizikleta» berbaren hasierako «bizi» horren pertsonifikazioa da Igor Anton txirrindulari profesional ohia. Biziak bizi du. «Bizi-kleta» bizi du, eta gaur dena bi gurpildun garraiobideagatik da. Maitasuna isurtzen du honen inguruan berba egiten duen bakoitzean. Ordea, edonor harritu dezake buruan zenbat ideia eta ekarpen dituen deskubritzean. Horietako batzuk ezagutzen saiatu da Binke, baita profesional zen garaiko uneak gogora ekartzen ere, hain justu urtebete egin duenean profesionaletik erretiroa hartu zuenetik. Ona izan da profesionaletan Anton, baina are hobea da Galdakaori eskaini gura dion guztia, besteak beste, Galdakao Txirrindulari Elkartearen eskola edo gela berriarekin.
Urtebete da erretiroa hartu zenuenetik. Zein balorazio egiten duzu urteaz? Oso arin pasatu zait urtea, inoiz baino arinago! Egindako omenaldi eta aitorpenak oso politak eta ahaztezinak izan dira gainera… Eta debora honetan igarri dudan gauzarik kuriosoena nik pentsatzen nuena baino denbora libre gutxiago izan dudala izan da! (barreka) Urtebete honetan, gainera, aitarekin Nepalera joateko ilusioa bete dut.
Kirolari profesionalek gazte hartzen duzue erretiroa, horrek ez du beldurrik sortzen? Alde batetik ez. Aldaketa izugarria da eta, zorionez, nire kirola hain gogorra denez —profesional munduaz hitz egiterakoan behintzat— erretiroa hartzean askatasuna eta lasaitasuna lortu nuen, estresa eta presioa alde batera utzita. Baina egia da berriz zure bizitza «berrasmatzen» jakitea inportantea dela, eta hori ez da erraza izaten. Hori bai, pribilegiatu bat naizela ere badakit.
Zure ibilbide profesionaletik zein oroitzapen gordetzen duzu goxoen? Momentu asko, adibidez Euskaltelekin profesionaletan debutatu nuenekoa, nire lehenengo garaipena, nire garaipen ospetsuena Zonkola mendian —Giroan—, nire garaipen sentikorrena ere Bilboko etapa egin nuenean… Baina, benetan, garaipenetatik kanpo Afrikako nire azken taldean bizitako esperientziak izan dira, hain desberdinak diren kulturekin nahastea… Baita Qhubeka fundazioa ezagutzea, non umeei bizikletak eskaintzen zaizkien etxetik eskolara mugitzeko, hain egoera txarrean bizi diren afrikarren bizitzak hobetzeko. Pirinioko saioak, prestakuntza, beste taldekide lagunekin egotea… Hainbeste momentu daude, non ezin izango nituzke Binke aldizkari guztian sartu…
Eta zein gurako zenuke ahaztu? Gauzak nahi bezala irteten ez ziren uneak, bizitako estres psikologikoa, galdutako lagunak istripuetan, geneuzkan «antidopping» programak…
Hara! Azken horren beldur ala?! Ez, interesgarriak ziren gure kirola garbitzeko geneuzkan kontrol zorrotzak. Baina egunero komunikatu behar genuen non egongo ginen, gaua non pasako genuen edo entrenamenduak zeintzuk eta zelakoak izango ziren, ordu bat ezarri behar genuen derrigor non adi egon behar zenuen kontrola pasatzera etortzen baziren, ordurako dena ondo beteta izan eta eskatzen zizkiguten datu guztiak ez ahazteko… Horrek nolabaiteko estutasuna ere sortzen zuen. Baina horregatik bakarrik.
Pentsatzen al zenuen txikitan bizikletan ibiltzetik bizitzea lortuko zenuenik? Ez, oso zail edo ezinezko ikusten nuen, nahiz eta ondo ibili txikitan banekien gutxik lortzen zutela profesionaletara iristea.
Askok telebistako txirrindularitza saioak siesta egiteko aprobetxatzen dituzte. Ez da baina zure egoera izango… Baita ere! (barreka) Hiru asteko probetan badaude hiruzpalau etapa horretarako bikainak! Baina gero «saltsa» agertzen denean… Berriro gora eta telebistari begira jartzen naiz azken kilometroak ikusteko!
Kirol hau nahi beste ulertzen dela uste duzu? Euskal Herrian jendeak asko daki txirrindularitzaz, baita Europako leku askotan ere. Tradizioak asko laguntzen du, baina batzuetan hainbeste kirol, ekitaldi eta kultur arlo ugari dagoenez txirrindularitzak zeukan jarraipena pixka bat galdu da. Eta beraz, gaur egun jendeak agian ez du hainbeste ulertzen…
Eta ulertzen al du auto gidariak errepide ertzetik doan txirrindulariaren egoera? Hau kulturalki ulertu behar da, kontzientziatu bizikleta beste garraiobide bat dela eta eskubidea daukala errepidean ibiltzeko. Hau txikitatik ikasten da. Adibidez, Holandan dagoen txirrindularekin ibiltzeko kultura beste maila batean dago, eta erabat errespetatzen du auto gidariak bizikletan doana.
Hala ere, asko pelotoi ederrak osatuta edo batetik bestera joan ohi dira. Hori ere ez al da arriskutsua? Txirrindulariak, kotxeekin, kamioiekin, eta abar… errepidean batera uztartu behar dira, eta denek errespetatu beharko lukete errepideko kodea. Hori bai, gehien galtzen duena, ahulena, beti txirrindularia dela jakin behar da.
Arriskuez ari garela, hitzaldi eta formakuntza saioak antolatzen hasiko zara laster… Orain dudan ilusiorik handiena da hori, Galdakaon proiektu berri bat ateratzea. Txikiekin txirrindularitza eskola bat estreinatu berri dugu: Galdakao Txirrindulari Gela deituko da eta 7-14 urte bitarteko gazteei eskainiko diegu! Baina gure ideia aipatu duzun horretatik hasi da, bizikletaz ibiltzeaz aparte umeei pertsona eta txirrindulari bezala haztea delako. Horregatik Galdakao Txirrindulari Gelan segurtasun saioak oso garrantzitsuak izango dira.
Hara! Eskola bat sortu duzula? Bai! (irribarretsu) Taldearen erditze-prozesuan gaude orain, eta ez ni bakarrik, atzetik zazpi monitore daudelako. Jon Amianok ere, elkarteko presidenteak, bultzada zoragarria eman dio proiektuari, bestela ezinezkoa izango litzateke hau martxan jartzea.
Aurretik ez da Galdakaon txirrindularitza eskolarik egon? Ni Galdakao Txirrindulari Elkartetik joan nintzenetik 17 urte pasa dira, eta orduantxe desagertu zen. Horregatik, orain erretiratu berri naizela, eta ahal dudan neurrian, elkarte eta herri honek niri eman zidan guztia bueltan ekarri nahi dut. Horretan aitortu behar dut Udalaren izenean Iñigo alkateak eta Ibon kiroleko zinegotziak eskaini diguten laguntza handia izan dela. Eta orain zein aurreko galderan aipatutako denei esker itzuliko da Galdakaora txirrindulari eskola berria, non bizikletan ibiltzeaz gain, nutrizioari, segurtasunari edota mekanikari ere, besteak beste, lekua egingo diogun hitzaldi eta saio dibertigarri batzuen bitartez.
Galdakao aipatuta, zelan hobetuko zenuke herriaren bideragarritasuna? Puntu honetan oso interesatuta nago, neurri handi batean; herrian bizikleta garraiobide inportante bilakatzeko, bizikleta normaltasunez erabili ahal izateko eguneroko errekaduak egiteko… Horri ere denbora eskaini gura diot orain, nire esperientzia eta ekarpenak eskaini nahi dizkiot herriari gure bideragarritasuna hobetzeko.
Txirrindulari profesional bati ezin galdera hau egitea saihestu: zein iritzi duzu herriko bidegorriaren inguruan? Ez da behar dugun bidegorria. Horrekin ikastea izan da inportantea. Egindakoak eginda, orain badugu nondik hasi bidegorri sare interesgarri bat sortzeko, eta hori ere bada nire asmoa. Denbora beharko dugu, baina harro sentiaraziko gaituen bidegorri bat sortzen saiatuko gara, erabiliko dugun bidegorri bat!
Ikusten da baduzula herriarentzako hainbat ideia… Bai, Galdakao Txirrindulari Elkarteko Gelatik ere badugu «Bikegune» izeneko proiektua buruan, non bizikletarekin ibiltzeko parke bat proposatzen dugun, 70.000 euroko inbertsioarekin. Umeak bizikletekin ibiltzeko leku segurua ekarriko luke gune horrek. Eta etorkizunean, gure bidegorriaren bitartez, parke horrek Basauriko bidegorriarekin bat egitea izango litzateke politena.
Aipatzen duzun eremu hori non egingo zenuke? Zuhatzun egingo genuke, erreka eta trenbidearen artean dagoen lurraldetik. Bertatik, alde batera Basauri lotuko genuke eta bestera Galdakaoren erdigunea. Gainera, aipatutako inguru horretan Torrezabal zubi historiko eta ederra dago, herriko zaharrenetakoa… horri ere bere protagonismoa emango lioke proiektu honek.
Bizikleta haur eta gaztetxoentzat bideratuta baino ez duzu planteatzen? Harrobia oso inportantea da, bitala, eta lehenengo pausua haurrekin egitea erabaki dugu, haiek baitira gure etorkizuna.
Zuk bizikleta, kirol eta aisirako baino ez duzu erabiltzen ala baita garraiobide bezala ere? Bizikleta tolesgarria daukat, alabatxoa eramateko eta erosketa txikiak egiteko erabiltzen dudana. Beraz, bai, nik bizikleta lanbide izan dut, baina baita aisirako zein garraiobide bezala erabiltzeko ere!
Orain aitatxo zara, zer transmitituko diozu alabari? Alabatxoa besazpian informazio-liburu barik etorri zitzaigun (barreka) eta asko daukat oraindik aita bezala ikasteko. Ez naiz aiterik onena, baina saiatzen naiz eta saiatuko naiz ahalik eta gehien transmititzen: naturaz eta mendiaz ikas dezan, gauzak hutsetik ez direla etortzen argi izan dezan… Eta aholku bat emango diot: bizikletaren gainean motel joan daitekela beti, baina pedalak emateari inoiz utzi barik. •