Imanol Etxebarria: «Errealitatea beste begiekin begiratzeko gonbidapena da liburua»
Imanol Etxebarria, irakaslea eta idazlea
BINKE / 2024ko abendua
Irakasle lanetan dabil gaur egun Imanol Etxebarria galdakoztarra. Duela hilabete batzuk ordea, txikitatik entzundako istorioak eta bere buruan zituen ideiak plazaratzeko unea zela erabaki zuen. Abiapuntu horretatik bere lehen liburua argitaratu berri du: ‘Hauts zaharren boterea. Arriskuak eta mehatxuak’. Berarekin hitz egin dugu eleberriaren inguruan.
Galdakaon hazi eta herrian eman zituen bere bizitzako lehen 28 urteak Imanol Etxebarriak. Deustuko Unibertsitatean egin zituen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak eta luzaroan enpresa munduan ibili eta gero, irakaskuntzan murgilduta dago orain. Duela hilabete batzuk ordea, txikitatik entzundako istorioak eta bere buruan zituen ideiak plazaratzeko unea zela erabaki zuen eta abiapuntu horretatik bere lehen eleberria argitaratu du: ‘ Hauts zaharren boterea. Arriskuak eta mehatxuak’.
Nola sortu zen liburu hau idazteko ideia? Txikitatik etxean, eta gerora kalean, eskolan edo dantza-taldean, kontakizunez inguratuta egon naiz. Ipuinak, kontu laburrak, esaera zaharrak, txisteak eta abar nire bizitzaren parte bat dira. Horietako hainbat, eta buruan nituen beste ideia batzuk, zelan edo halan, gaur eguneko kontakizun berri batean txertatu gura izan ditut eta bide batez, pasarte horiek eta beste batzuk, berriro azaleratu.
Idatzi duzun lehen liburua izanda, zer izan da prozesuan zailena? Zailena gaur eguneko istorioa bera bideratzea da, pertsonaien gertakizunak uztartzea, trama bera sortzea. Eleberri hau sasoi eta leku desberdinetan gertatzen da eta apurka-apurka sudokua egiten joan behar da, baina lan polita dela aitortu behar dut. Informazio berria bilatu behar da, dokumentazio apur bat lortu, nekizkien kontu zaharrak berrikusi eta prozesu horrek guztiak du irakaspenen bat. Gozatzeko aukera ematen du.
Zeintzuk dira liburuan jorratzen dituzun gaiak? Liburuko gertaera asko gure inguruan gertatzen dira eta, aipatu dudan bezala, gertakari batzuk oraingoak dira eta beste batzuk lehenagokoak. Beren beregi lantzen ez badira ere, gure inguruko geografia, toponimia, ohiturak eta kontakizunak, gizartearen eta ingurumenaren aldaketak eta antzerako gaiak ukitu ditut zeharka.
Irakurri eta gero ingurukoa zalantzen jarriko dugula diozu. Zergatik? Ezagutzen dugunarekin kritiko izatea, dagoena edo erakusten digutena zalantzan jartzea ariketa ona da. Kasu honetan pertsonaia garrantzitsuenak, Amaiak, errealitate berri bat ezagutuko du eta horrek kolokan jarriko ditu ordura artekoak. Liburuaren azalpenean «agian» ingurukoa zalantzan jarriko dugula dio. Jakina da ez dugula Amaiak bezala egingo, baina errealitatea beste begi batzuekin begiratzeko gonbidapena da.
‘Hauts zaharren boterea. Arriskuak eta mehatxuak’ da liburuaren izenburua. Zeintzuk dira arriskuak eta mehatxuak istorio honetan? Amaiak errelitate berria ezagutuko du. Hori guztia lehenagotik zegoen han, baina berari ez zion eragiten. Gu ere sarritan itsututa bizi gara, geuk gura dugulako edo erakusten digutenak benetakoa ezkutatzen digulako, baina egia ezagutzen dugunean… batzuetan hor komeriak. Zer nahiago dugu, egia gordina jakin ala gezurrean bizi? Aukera batek zein besteak bere arriskuak eta mehatxuak ditu eta Amaiak errealitate berri horri dagozkionak ezagutuko ditu.
Zelako harrera izan du publikoaren artean liburuak? Nire ingurukoek irakurri dute eta gustura gelditu dira. Egia da, apurka-apurka iritzi desberdinak ezagutzen noala, eta «zenbat buru, hainbat aburu» esaten den bezala, iritziak eta kritikak bakoitzarenak dira, denak dira errespetatzekoak, guztiak eskertzekoak eta denetatik ikasiko dut zeozer.
Beste proiekturen bat duzu buruan literaturari lotua? Lehen eleberria izan arren, beti daukat literaturako konturen bat esku artean, lehiaketaren bat dela, bertsoren bat idazteko eskatu didatela… Galdera ea beste libururen bat argitaratuko dudan bada, denborak agertuko du elurra mendian.•