Immigrazioaren eta Bizikidetzaren Kulturarteko Plana aurkeztu dute Galdakaoko Udalak eta Ikuspegik
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Elkarbizitza sustatzeko helburuz, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Galdakaoko Udalak Immigrazioaren eta Bizikidetzaren Kulturarteko Plana sortu dute. Hogeita bat ekintzek osatzen dute plana eta 2023 eta 2026 urteen artean aurrera eramatea aurreikusita dago.
Galdakaon erroldatuta dauden biztanleetatik %6 atzerriko herrialderen batean jaiotakoak dira, 2020an batutako azken datuen arabera. Hau kontuan izanda, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak immigrazioari buruzko diagnosia burutu zuen pasa den urtean Udalarekin elkarlanean, Binkek jaso zuen moduan.
Azterketa hori abiapuntu hartuz, azken hilabeteetan Ikuspegik eta Udal Gobernuak Immigrazioaren eta Bizikidetzaren Kulturarteko Plana sortu dute, 2023 eta 2026 urteen artean gauzatzeko epearekin. Prozesuan migrazioen eta gizarte-ekintzaren esparruan lan egiten duten elkarteek eta atzerritar jatorriko auzokideek ere parte hartu dute.
Gaur eman dute ezagutzera Nerea Orozko Immigrazio zinegotziak eta Lia González Ikuspegi Institutuko kide eta EHUko ikertzaileak urtarrilean udal osoko bilkuran aurkeztuko den plana. Ikertzaileak azaldu duenez, helburu nagusia «udalerriko bizikidetzaren hobekuntza sustatzea da». Horretarako, arreta jarri da guztien tratu-berdintasunean, kulturartekotasuna udal-eredu gisa erabiltzeko konpromisoan eta galdakoztar komunitatean diskriminazio-portaerarik ez izatean. «Hemen jaio direnen eta atzerrian jaio direnen artean ez dago gatazkarik, baina ezta elkarbizitzarik ere. Hortaz, hori bultzatu nahi dugu», adierazi du Nerea Orozkok.
Hogeita bat ekintzek osatzen dute plana, bost taldetan banatu direla: estrategikoak; Udalaren konpromisoa kulturartekotasunarekin; etxebizitza; hizkuntza-trebakuntza eta enplegua; eta aisia, sentsibilizazioa eta interakzio positiboa.
Esparru ezberdinak
Ekintza estragikoen taldean «oinarri bezala» uztartzen diren hamar jarduera aurkeztu dituzte, «beti berdintasunaren helburuarekin». Hauek dira jarduerak:
· Udalaren egituran figura tekniko bat sartzea, integrazioan laguntzeko
· Parte hartzeko gune bat sortzea, eragile guztien artean elkarlana bermatzeko
· Protokolo bat sortzea udalerriko bizilagun berriei baliabideetarako sarbidea errazteko
· Interneten planaren inguruko informazioa hainbat hizkuntzatan eskaintzea
· Udalean itzulpen eta interpretazio zerbitzuen erabilera sustatzea
· Errolda sozialaren erabilera sustatzea
· Diskriminazio-portaeren aurrean jarduteko protokolo bat egitea
· Diskriminazio arrazista edo xenofoboa jasan duten pertsonei arreta emateko zerbitzua martxan jartzea
· Herriko elkarteek planaren ildoa jarraitzen duten jarduerak sustatzea, Udalak babestuta
· Atzerritar jatorriko emakume heldu eta nerabe galdakoztarrak ahalduntzeko proiektuak sortzea
Bestalde, Udalak «kompromisoa erakutsi nahi du kulturartekotasunarekin» eta horretarako hainbat neurri hartuko ditu. Besteak beste, estereotipoen inguruan hausnartzeko guneak sortuko ditu teknikariekin, plana bera zabaltzeko estrategia martxan jarriko du eta arrazakeriaren eta xenofobiaren prebentzioari lotutako adierazpen instituzionalak zabalduko ditu.
Etxebizitzaren inguruan ere ekintza bereziak aurrera eraman nahi ditu, izan ere, «diskriminazio egoerak sufritzen dituzte atzerritar askok etxe bat alokatzera doazenean adibidez». Horretarako, aukera berdinak dituztela bermatuko du. Halaber, errefuxiatuei udal-etxebizitzak lagatzeko akordioak mantenduko ditu eta gazteak gizarteratzeko prozesuan laguntza eskainiko du.
Hizkuntzak suposatzen duen arazoa ere kontuan izan da plan honetan eta bi ekintza proposatu dira: haur eta nerabeentzat hizkuntza indartzeko zerbitzua eskaintzea eta atzerritar jatorriko pertsonak laneratzeko neurri espezifikoak hartzea.
Azkenik, aisialdian ere bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz, atzerritar jatorriko pertsonen parte-hartzea sustatuko da udaleko jaietan eta aniztasuna barneratuko da Galdakaoko kultura-programazioan. Halaber, Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarera batu dela ezagutzera eman du Udalak.