Iñaki Bidaurre: «Protokoloa zaintzea oso zaila da harrera etxe batean»
[ATAL BEREZIA] Osasun Krisiaren harira aldizkarian egindako gehigarri bereziko elkarrizketetariko bat da hau, “gure heroiak” eta hauek egunotan egiten ari diren lana ezagutzera emateko.
Iñaki Bidaurre, gizarte hezitzailea
BINKE / 2020ko martxoa
«Protokoloa zaintzea oso zaila da harrera etxe batean»
Orokorrean, zelakoa da harrera etxe batean lan egitea? Bi alde nabarmeneko lana da, oso polita baina baita gogorra ere. Gure funtzioa hiru urtetik 17 urte bitarteko hamar gazteren bizitzak aurrera ateratzen laguntzea da, beharrizan material zein emozionalak bermatzea… Figura erreferentzialak izatea.
Adingabeko asko etxe berean, erraza al da koronabirusaren aurkako neurriak bermatzea? Ez, oso zaila. Aurreko astean egin genuen bilera berezi bat egoera berriari zelan aurre egin planteatzeko eta zailtasun handiak izan genituen. Batez ere, agente eta istituzio ezberdinekin elkarlanean egiten dugulako lan eta egoera honetarako ez delako egon inor prest behar izan den moduan. Behintzat, protokolo bat adostu da egoerari aurre egiteko.
Zelan bizi dute guzti hau harrera etxekoek? Ba, nire sorpresarako, oso ondo. Uste baino kontzienteagoak dira egoeraren larritasunaz eta oso ondo eramaten ari dira etxetik ez irtetzea eta protokoloa jarraitzea.
Zelan zaintzen duzue langileek zuen burua? Birusari dagokionez, protokoloaren jarraipenekin, zorrotzak izanez.Txandak ere moldatu ditugu, astean lan ordu luzeagoak izanez. Horrela, gutxiagotan joan eta sintomak izanez gero garaiz aurreikusi ahal izango ditugu.